Spinoza. Egiazko ideia eta metodoa.

Spinozak “Ulermenaren Erreformarako Ituna” (UEI) (De Intellectus Emendatione, latineraz) liburuan kontatzen du nola esperientziak irakatsi dion bizitzan gertatzen den guztia alferrikakoa eta hutsala dela, eta, horren ondorioz, benetako ondasun baten bila jardu duela, betiko alaitasun goren eta etengabeaz gozatzeko aukera emango diona. Spinozak egiaztatzen du ongia eta gaizkia (baita betegina eta betegingabea ere) erlatiboki definitzen direla, eta beharrezkoa dela ziurtasuna izaeraz eta lortutakoaz bereiztea.

Existitzen dena baino giza natura beteginagoa burura daiteke. Horretarako, beharrezkoa litzateke adimena zuzendu eta araztea, gauzak erraz, akatsik gabe eta modurik onenean uler ditzan. Spinozak UEIn jarriko du abian proiektu hori. Bere ahaleginak, lehenik eta behin, egiazko ideiaren kontzeptua argitzera bideratuko dira, hautemate-moduen azterketa baten bidez. Eta egiazko ideia izango da, hain zuzen, Spinozaren metodoaren oinarria. Hortaz, azter dezagun lehenik egiazko ideia zertan den.

I-Hautemateko moduak eta egiazko ideia.

Egiazko ideiaren kontzeptua funtsezkoa da Spinozaren epistemologian eta etikan. Haren arabera, gure ideia guztiak ideiak dira, onak eta txarrak, zuzenak eta okerrak. Baina horien guztien artetik batzuk, Spinozak egiazkoak deitzen dituenak, ulertu behar ditugu, haiek gidatuko baitute gure bizitza kontzeptuala (ezagutzarena), eta, beraz, baita gure bizitza afektiboa ere.

Ideia bat egiazkoa den jakiteko, ideiari berari erreparatu behar zaio. Zalantzarik gabe, ideietan zerbait erreala dago, egiazko ideiak eta gezurrezkoak bereizten dituena. Bestalde, pentsatzeko modu bat ere badago, berez egiazkoa dena. Ideia egiazkoa den jakiteko, ideia ez da objektuarekin konparatu behar, egiazko ideia-mota batekin baizik, hau da, benetako pentsaerarekin. Horrela ikusiko da ideia baten egia ideia sortzeko moduan datzala, hau da, forman, eta ideia hori adimenaren izaeraren eta ahalmenaren menpe baino ez dagoela. Baina ez ditzagun gertaerak aurreratu eta goazen pausoz pauso. Egiazko ideiaren argitzera iristeko, Spinozak ezagutzeko modu guztien errepasoa egiten du, zalantzazkoenetatik hasi eta egiazkoenetaraino, haien betegintzarrea ideiaren berezko karakter baten edo beste zerbaiten menpe dagoen ikusteko. Spinozak ezagutzeko edo hautemateko lau modu egiaztatzen ditu:

1-Entzueraz edo zeinu arbitrarioen bidez lortutako pertzepzioa. Adibideak: entzueraz ezagutzen ditut nire jaiotza-data eta nire gurasoen izena, baina ez dut inolako esperientziarik haren inguruan; zeinu arbitrarioen bidez, kea ikustea eta sute batean pentsaraztea, zorua bustita ikustea eta euria egin duela ondorioztatzea. Ausazko ezagutza da, ezein gauzaren esentzia atzematen ez duena.

2-Esperientzia lauso baten bidez lortutako pertzepzioa. Ulermenak zehaztu gabeko pertzepzioa da. Adibideak: esperientzia lausoaren bidez badakit txakurrek zaunka egiten dutela, urak sua itzaltzen duela edo gizakiak hiltzen direla; baina ez dakigu gizakiak zergatik hiltzen diren, ezin dugu heriotzaren esentzia kausala azaldu. Ustekabeko gertaeretan oinarritutako ondorio ziurgabe eta mugaezina ematen digu.

3-Gauza baten esentziaren pertzepzioa beste gauza batetik ondorioztatzen da, baina ez behar bezala. Hau gertatzen da efektu batetik kausa ondorioztatzen dugunean. Horrela, ikusmenaren zentzuak gauza bat eta bera hurbiletik baino urrutitik begiratuta txikiagoa iruditzen zaigula jakinda, eguzkia dirudiena baino handiagoa dela ondorioztatzen dugu. Hirugarren pertzepzio honek gauzaren ideia ematen du, ondorio bat ateratzea ere ahalbidetzen du, baina ez da perfekzioa lortzeko bitarteko bat.

4-Gauza bat bere esentziaren (izaeraren) edo kausa hurbilaren (kausa sortzailearen) ezagutzaren bidez hautematen deneko pertzepzioa. Arlo honetan Spinoza gatazkan sartzen da Descartesekin. Descartesen ustez, benetako ezagutza analisiaren eta indukzioaren bidez lortzen da. Spinoza, aldiz, ezagutza orokor-denetik (kausatik) partikular-denera (efektura, bitartegabe-denera) doa. Gauza bat ezagutzea, bere esentziaz, bera osatzen duena ulertzea da, hau da, badena izatea eragiten diona ulertzea. Horrela, arimaren esentzia ulertzen badut, ulertuko dut zergatik dagoen gorputzari lotua.

Théophile Delaine. Spinozaren omenezko koadroa

Spinozak adibide honekin ilustratzen du gogoeta hau: hiru zenbaki emanda 2-4-3-.., laugarren bat ondorioztatzen da (6). Kasu honetan, gauza bere esentzian ulertzen dugu, gauza horren ideia sortu dugulako (aritmetika, geometria, aljebra tarteko izanik). Hau da, gauzak beren esentziaz ezagutzen ditugu beren existentzia sortzen duten arauak (ekoizpenaren arauak) ezagutzen ditugulako, edota beren kausa hurbilaz ezagutzen ditugu, hau da, badakigulako kausalki zerbait agertzen dela zenbait baldintza direla medio. Zenbakizko erlazio honen arazoaren aurrean, merkatariek esperientziaz (beren maisuen irakaskuntzaz) ondorioztatzen dute irtenbidea, baina ez dakite kausaren eta efektuaren arteko lotura. Matematikariek, aldiz, arau unibertsalak aplikatzen dituzte (kasu honetan, Euklidesen VII. liburuko 19. proposizioa), zeinaren arabera lehen zenbakia laugarrenaz biderkatzetik ateratzen den zenbakia bigarrena hirugarrenaz biderkatzetik ateratzen denaren berdina baita.

Lau hautemate-modu hauetatik, laugarrenak bakarrik garamatza egiazko ideiara. Spinozak hautemateko lehen hiru moduak irudimenaren terminopean biltzen ditu, egiazko ezagutzara eta ideiara garamatzan laugarrenari kontrajarriz. Kontzientzia finitu gisa jaio eta bizi gara ezagutzari ez baina irudimenari dagozkion elementuz beteriko mundu batean. Imajinatzen dugu, baina ez ditugu zergatiak ulertzen. Horrela hautematen dugu gure eguneroko bizitzan eta, haietatik askatu ezin garenez, benetako ezagutzara iristea eragozten digute.

II-Egiazko ideia eta metodoa.

Egiazko ideiaren kontzeptua argitu ondoren, Spinozak adimenari gure existentzia gidatzen duten ideiak aldatzea eta, ondorioz, perfekzioa, ongi gorena, lortzea ahalbidetzen dion bidea eta metodoa erakusten ditu. Horretarako, ez da amaigabeko bilaketarik behar metodo seguru bat lortzeko; izan ere, ezagutzaren aurreko metodorik balego, metodo hori baino lehenagoko beste metodo bat egon beharko litzateke, hura justifikatuko eta bermatuko lukeena, eta horrela hurrenez hurren. Beraz, metodo seguru bat lortzeko asmoan, ez litzateke inolako ezagutzarik lortuko (hauxe da eszeptikoen argudioa).

Bai ezagutzaren mailan, bai tresna materialen mailan, gauza bera gertatzen da, eta horiei buruz era berean argudia daiteke. Spinozak mailuaren adibidea jartzen du. Burdina egiteko mailu bat behar da. Baina mailu bat izateko, lehenik mailu bat eduki behar da, eta horretarako beste mailu batzuk eta beste tresna batzuk behar dira, eta horiek lortzeko, beste tresna batzuk behar dira, eta horrela, infinitura. Argudio horiekin, Spinozak esan nahi du gizateria mailu-ideia oso zakarrekin hasi zela, eta, urte askoren buruan, esperientzia askoren ondoren hobetzen joan zirela mailuaren forma modernoak lortu arte. Bada, gauza bera gertatzen da ideiekin. Gizakiek ezagutza mugimendu mailakatu batean sortzen dute, oinarrizko ideia zakarretatik abiatuta. Baina, oinarrizko ideia horiek lantzen jartzen dituzten heinean (mailuak bezala), ideia landuagoak eta hobetuagoak sortzen dituzte, gaur egun erabiltzen diren kontzeptuetara iritsi arte. Beraz, gure egungo ezagutza ulertzeko, ezagutzaren sorrera pentsamendu-prozesuaren historian zehar ikusi behar da, zeinak, bere bilakaeran, pixkanaka forma bukatuagoak eta perfektuagoak lortzen baiditu.

Ez negarrik egin, ez haserretu. Ulertu

Descartesek dio ezagutu aurretik metodo egokia behar dela, hau da, ezagutzeko tresna egokiak. Spinozak, aldiz, baieztatzen du ezagutzeko tresnak eta ezagutza aldi berean sortu behar direla. Metodoa ez da ezagutzaren aurrekoa, ezagutzaren aldiberekoa baizik. Zergatik? Metodoa ezagutzen duen objektutik banaezina delako. Bestalde, ezagutzarako ezin da aurretiazko metodorik egon, ezagutza bere garapenean, bere bilakaeran, bere progresioan existitzen delako. Ulermena, adimena zer den ulertu nahi bada, haren eraketa-prozesuan jarraitu behar zaio, mailuaren historian bezalaxe. Gizakiek esku artean dituzten tresnekin jarduten dute munduan, eta tresna horiek erabili ahala hobetzen dira. Laburbilduz, ezagutzeko metodoa ezagutzeko prozesuaren berdina da, hau da, ezagutzaren prozesua bera da, eta ez dago aurrekaririk, ez mugarik, ez kanpokorik.

Beraz, Spinozak metodo gisa gure ulertzeko modua aztertzea proposatuko du, ahalmen horretaz jabetzea, horrela egiazko ideien ezagutza lortuko dugulako. Eta ulertzeko dugun ahalmena ulertzeko, geure ulermenaren esperientziari jarraitu behar diogu. Bestela esanda, Spinozak ezagutza gogoetatsua lortzea proposatzen du, ideiaren ideia. Pentsamenduaren izaerari dagokio egiazko ideia sortzea, zeren egiazko ideia, Spinozak irmoko baieztatuko duenez, gure baitan baitago. Izan ere, ezagutza oro gogamenean dugun egiazko ideia batetik abiatzen da. Ideia hori, jaiotzez, Spinozak “berezko indarra” deitzen dionetik sortzen da gogamenean, hau da, ez da kanpoko kausek bultzatutako ideia bat, baizik eta adimena bera da hura eratzen duena.

Hala ere, komeniko litzateke egiazko ideia zer den zehaztea. Ideia bat egiazkoa egiten duena ez da gogamenetik kanpoko objektu batekin duen lotura, pentsatua den modua baizik. Egiazko ideiek ez dute adierazten gauzek adimenarekiko duten ekintza, adimenaren beraren ekintza baizik. Ideia baten egia ez dago, beraz, bere objektuaren existentziaren menpe, baizik eta bere zerizana pentsatzeko moduaren mende. Beste era batera esanda, ideiaren egia adimenak zerizan baten bidez beste zerizan bat eraikitzen duen egintzaren mende dago. Spinozak ‘dedukzio’ deitzen dio eraikuntza horri. Horrela, 360º zirkuluerdi bat bere diametroaren inguruan birarazten badugu, esferaren ideia (zerizana) eraikitzen (deduzitzen) dugu. Hortaz, dedukzio honen bidez esferaren ideiaren egiazko ezagutza lortzen dugu, esferaren esentzia bere kausa egokiagatik ezagutzen baitugu (gogamenaren pentsatze-egintza horrengatik, bere burua bira ematen duen zirkuluerdi-ideiaren ondorio gisa). Hala ere, existitzen den esferarik ez da egitatean horrela eratu, ezta existitzen den zirkuluerdirik ere bere burua biratzen. Ideia bat bere kausetatik deduzitzeko egintzan, ideien artikulazioa aztertu behar da, ideia horiek berez egiazkoa den pentsaerara birbideratzea. Horrela, zirkuluerdiak biratzen duela esatea faltsua litzateke zirkuluerdia bakarrik kontuan hartuz gero, baina egiazkoa da, ordea, esferaren ideiari lotuta balego  Esferarenegiazko ideia izateko, bere zerizana behar bezala ezagutzeko, zirkulu baten ideia ere eduki behar da, eta zirkuluaren ideia edukitzeko lerro zuzenaren ideia bat eduki behar da, etab. Ideia bat bestetik ateratzen dugu, ideia bat eta bestea baldin baditugu. Guztiz beharrezkoa da dedukzioaren urrats bakoitza bitartegabeki eta begiesgarriki egiazkotzat ezagutzea. Beraz, zerizan determinatu ororen ezagutza begiesgarri eta bitartegabe bat dago.

Darraigun. Metodoak ez du kanpokoa ezagutu nahi, ezagutzeko ahalmena baizik. Horrela, Spinozak “metodo” terminora itzultzen du jatorrizko esanahia (bidea). Spinozarentzat metodoa bidea da, ulertzeko ahalmenak jarraitu duen bidea, beraz, ezagutzeko ekintzara eta praktikara bideratua dagoena. Pentsamendua ez dago a priori zehaztuta, ezta aurreko kanpo-araudi batek araututa ere. Metodoak, aldez aurretik, pentsamenduak berak sortzen dituen ezagutzak baino ez ditu. Hau da, hain zuzen ere egiazko ideiak lortu direlako, orain horiek nola sortzen diren uler daiteke. Metodoa, beraz, ideiaren ideia da: pentsamendua bere baitara iraultzen da ulertu ahal izan duena ulertzeko, pentsamenduak pentsamenduari galdekatzen dio lortu dituen egiazko ideiak ulertzeko. Ideiaren ideia, beraz, ez da egia-denaren agerpenaren aurretiko baldintza, haren emaitza baizik.

Ulertzeko ahalegina da bertutearen lehen oinarria eta bakarra.

Ez dago gogoaren izaera bere kausa lehenaz ezagutu beharrik, nahikoa da gizakiek gure ulertzeko modua ezagutzearen mailan egin dutenaren nolabaiteko deskribapena egitea. Metodoa, beraz, ezagutzaren ekoizpenaren deskribapena da, historia bat. Egiazko ideien hautemate-ordena nahitaezko ordena da, berezko kausalitateagatik. Ideia batek beste ideia bat sortzen du, honek beste bat eta horrela hurrenez hurren. Horrela, ulermenak aurrera egiten du.

Pentsamenduaren beharrezko jarduera, Spinozarentzat, askatasunaren zerizana bera da, bere ekintzak beti barneko beharrezkotasun bati erantzuten diola adierazten duen autonomia. Pentsamendua da askeena, bere beharizan propioari men egiten diolako. Pentsamenduak ideien kausazko ordenan aurkitzen du egia, bere burua bere baitara hedatzean. Horregatik guztiagatik, bere burua sortzen duen higidura bat izateagatik, erabat autonomoa da. Beraz, pentsamendua egiazkoa da, ez gauzak imitatzen dituelako, ez objektuak erreproduzitzen dituelako, ezta kanpoaldearekin bat datorrelako ere, baizik eta bere buruari bere beharrezko ordena propioa, gauzen ordena bera, emateko gai delako. Spinoza urrunago doa. Giza adimena jainkotiarraren ordena berekoa dela dio. Ezberdintasun bakarra da adimen jainkotiarrak dena zuzen ulertzen duela, gizakiarena, aldiz, ez izaki finituak garelako. Baina objektu baten ideiaren ideia atzeman badezake, ideiaren ideia hori Jainkoaren ideia bera da. Horregatik, Spinozak esango du ezagutzea Jainkoaren ikuspegitik, infinituarenetik, gora egitea dela.

Gizaki batek lor dezakeen jarduerarik altuena ulertzeko ikastea da, ulertzea aske izatea baita

Izaki hobezinaren ideia erdietsiko balitz, gure ideiak beharrezko ordena kausal batean kateatuko lirateke, gure pentsamendua baliozkotuko lukeena. Horregatik uler dezakegu Jainkoa, bere esentzia objektiboa gure kontzeptuen bidez eraiki dezakegulako. Spinozak dio gauzak pentsatzeko modutzat hartzen diren bakoitzean (ez bitartegabeko gauza objektibotzat) natura osoaren ordena (kausen lotura) pentsamenduaren atributuaren bidez azaltzen dutela. Hau da, ulertzeko dugun gaitasuna ideiatik ideiara doa, eta higidura horretan legitimatu eta justifikatu egiten da, gauzen esentzia objektiboaren ulermena lortuz. Adimena aktiboa da ideietan, moldatu eta eraldatu egiten dituelako. Spinozarentzat pentsamendua materiala da, ez gorputza duelako, landu beharreko gaia delako baizik. Ideiak determinatu, eraldatu, eraldatu, elkarrekin lotu eta kausazko erregimen bat dute, objektiboki existitzen dituena. Horregatik, adimena erreformatzeak aktibatzeko zentzua ere badu.

Pentsamendua ez da beste zerbaitetik eratorritako zerbait, baizik eta erabat askea eta autonomoa da. Pentsamendua substantziaren gauza bera da, Jainkoaren esentzia infinitua bezala, bere higidura propioaren kausa. Kausalak esan nahi du ideiak arimaren jarduera bat direla. Arima, beraz, kausazko ekoizpena eta kausalitate eraginkorra da, forma sortzen duen kausalitatea, eta horregatik Spinozak kausa edo ideia formala deituko dio. Gure pentsamendua pentsamendu kausala da, kausalitatea gara. Behin egiazko ideia bat aurkezten denean, honek gogamenaren jarduera eragiten du eta berehala egiazko ideia berrien segida kausal bat abiarzten du. Zenbat eta gehiago ulertu adimenak, hainbat eta gehiago sortzen ditu egiazko ideiak, zeren sortzen diren egiazko ideiak, aldi berean, egiazko beste ideia batzuen kausa baitira. Arimaren produktibitate kausala infinitua da. Zenbat eta gehiago ulertu, orduan eta gehiago zabaltzen da ezagutza, gehiago sakontzen da, koherenteago bihurtzen da. Egiazko ideia, beraz, egiazko beste ideia askoren kausa, eragile eta bulkada da.

Utzi iruzkina