Zergatik existentzialismoa. Zer da eta zertan datza.

Existentzialismoa XX. mendeko 40 eta 50. hamarkadetan Europan, batez ere Frantzian, sortu zen mugimendu filosofiko eta literarioa da. Filosofo existentzialista nagusien artean, Karl Jaspers, Martin Heidegger eta Martin Buber alemaniarrak, Jean Wahl, Gabriel Marcel, Jean-Paul Sartre eta Simone de Beauvoir frantziarrak, Nikolai Berdyaev eta Lev Shestov errusiarrak zeuden. Søren Kierkegaard, Friedrich Nietzsche eta Fiodor Dostoyevsky, XIX. mendean bizi izan ziren pentsalariak, mugimenduaren aitzindaritzat hartu izan dira.

Existentzialismoaren ezaugarriak

Existentzialismo filosofikoak uste du giza existentziak ez duela ez zentzurik ezta izaera lehenetsirik ere. Gure ekintzak eta munduarekiko elkarrekintzak aukeratzeko askatasuna da zentzua bilatu, ezagutarazi eta sortzeko iturri bakarra. Aukeratzeko askatasun horrek, norberak bere gain hartzen duenean, etsipena eta larritasuna eragiten dituen erantzukizuna dakar. Erantzukizun hau eta aukeratzeko askatasuna saihestea fede txar bezala definitzen da, Jean-Paul Sartre eta Simone de Beauvoir filosofo existentzialistek sortutako kontzeptu filosofiko berria. “Fede txarra” kontzeptuak fenomeno bat deskribatzen du, non gizakiak bere askatasun absolutua ukatzen duen, objektu bizigabe gisa kosifikatzea eta jokatzea aukeratuz. Kontzeptu honek lotura estua du autoiruzurraren ideiarekin. Era berean, existentzialismo filosofikoak benetakotasunaren kontzeptua hartzen du nozio nagusitzat, fede txarraren aurkakotza gisa.

Existentzialista gehienak mundura atera eta diferentzia markatzearen alde zeuden, euren benekotasuna beren kabuz gela batean itxita frogatu beharrean. Sartre eta Beauvoirrek euren bizitza politikoan “konprometituta” daudela berretsi zuten. Kontua ez zen hitz egitea bakarrik, arrazoi askorengatik ere egin zuten kanpaina, bereziki 1954tik 1962ra Aljeriako gerran independentziaren aldeko borrokalarien alde. Konpromisoaren garrantziaren sinesmenak Kant filosofoarengandik hartutako ideia batean ditu sustraiak, zeinarentzat erabaki txikiak ere hartu beharko liratekeen, ez bakarrik gure buruarentzat erabakitzen ariko bagina bezala, baizik eta gizateria osoarentzat egingo bagenu bezala.

Egile existentzialisten artean dauden ezberdintasunak gorabehera, guztiek, nolabait, gizabanakoaren existentzia zehatzarekiko kezka dute ardatz. Izan ere, existentzialismoa ontologia humanista bat da, gizabanako bakoitzaren berezitasunean zentratzen da, giza fenomenoen forma unibertsalaren aurka. Larritasuna, askatasuna, absurdua, egingarritasuna, nihilismoa eta benetakotasuna bezalako gaiak behin eta berriz agertzen dira bere lanetan.

Bi mila urte baino gehiagoz, mendebaldeko pentsamenduak, filosofikoak zein zientifikoak, lehentasuna eman dio balio unibertsala duten sistema abstraktuak eraikitzeari, bai eta mundua eta gizakia bera ezaugarritzen duten natura eta esentzia bezalako kontzeptuak eratzeari ere. Mendebaldeko tradizioan, jada greziarren garaitik, filosofia jakinduriarekiko maitasuna da, ezagutzen ez dena jakitea (Sokrates), harriduran hasten dena (Platon). Greziarren ondoren, Erdi Aroko filosofia gai abstraktuetan zentratzen hasi zen, Jainkoaren existentzia frogatzetik erlijiotasunaren determinazio logikoak zehazteraino, arlo horretan espezializatuago eta ezagutza zehatz horrekin kezkatuago bihurtuz (Eskolastika). Filosofia modernoak, iraultza zientifikoaren eraginez, ezagutza sistematizazio handiagora bultzatu zuen, eta modernitate berantiarrean humanismoa sortu zenean, gehiago zentratu zen gizakiarengan Jainkoarengan baino, galderak eginez adimenak nola funtzionatzen duen, gauzak nola ezagutzen ditugun, eta nola eraikitzen dugun gizakiarengan zentratutako sistema bat zeinaren autoritate gorenak giza arrazoia eta esperientzia baitira.

Filosofia garaikideak filosofia anglofonoaren eta filosofia kontinentalaren (europarra) arteko banaketa ekarri zuen: batetik, filosofía anglofonoa, analitika gai logiko eta linguistikoetan zentratu zen, bestetik, filosofía kontinentalak, greziarrek bizitako filosofiaren nolabaiteko ideal bat berreskuratu zuen, munduan txertatutako pertsonari begiratzen zion filosofia bat, filosofiaren historia inoiz begien bistatik galdu gabe. Existentzialismoa filosofia kontinental garaikidearen adibide nagusi bat da: gizabanakoaren diziplinarteko lanketan osotoro murgildua, bizitzaren alderdi guztietan erabat kokatua, bizitzaren esanahiaren auzian zentralki gidatua, bizitza bera ongi bizi bihurtzeko.

Mendebaldeko pentsamendu filosofikoaren tradizio horri erantzunez, existentzialismoak gizabanakoaren izatea azpimarratzen du, izate konkretu eta bakarra den heinean, bere existentziaren baldintzez arduratuz eta honen kontzientzia hartzera animatuz, bere bizitza benetan bizi gabe igaro ez dakion. Existentzialismoaren ezaugarri nagusiak, oro har, honela adieraz daitezke, laburbilduta: lehenik eta behin, sistema filosofiko totalizatzaileen gaitzespenetik sortzen da, hortik dator sistema hegeliarraren arbuio kierkegaardiarra; bigarrenik, lehen pertsonaren doktrina filosofiko bat da, filosofia eginkizun subjektibotzat eta ez inpertsonaltzat hartzen duena; hirugarrenik, idealismo absolutuaren, positibismoaren eta determinismo materialistaren (eta psikologikoaren) sistemei aurrez aurre jarritako erantzun gisa eratzen da; laugarrenik, “giza existentzian” zentratzen da, “ni existitzen naiz” honetan kokatua, eta ez Deskartesek deskribitutako “nik pentsatzen dut” hartan; beraz, “ni” hori, “pentsatzen duen gauza” gisa ulertuta, zalantzan jartzen da filosofiaren oinarri gisa; eta bosgarrenik, “jarrera existentzialaren” nozioa nabarmentzen da, “benetakotasunaren” eta “autoreflexioaren” nozioekin lotzen dena.

Garai hartako kontzientziaren azterketa. Ezerezarekin topatzea.

Existentzialismoa XX. mendean azaleratu zen, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan gizateriak bizi izan zituen esperientzia traumatikoen ondoren. Gertaera tragiko horien ondoren, pentsalari askok sortu ziren, eta honako galdera hauek egin zizkioten beren buruari: zer zentzu du bizitzak?, zertarako edo zergatik existitzen da izakia? ba al da erabateko askatasuna? Filosofia honek garaiko kontzientziaren azterketa irudikatzen du, bere patu historikora birbideratzen saiatzen dena. Egia esan, existentzialismoaren problematika guztia egoera historiko honetatik dator. Alienazioa eta besterentzea; giza bizitzak duen funtsezko hauskortasunaren eta kontingentziaren sentimendua; arrazoimenak existentziaren neurrigabetasunaren aurrean duen ezintasuna; ezerezari aurre egiteko larritasuna, bakardadea eta, azken finean, gizabanakoak erronka horien aurrean duen babesgabetasuna. Nola iritsi da gizakia egoera honetara? Galdera horri erantzuteko, atzera begiratu eta azken 500 urteetan gertatu diren aldaketa soziokultural garrantzitsuak aztertu beharko lirateke, azken finean, haiek baitira existentzialismoaren atzealdea eta zorua: batetik, erlijioaren gainbehera, bestetik, protestantismo, kapitalismo eta zientziaren igoera.

1-Erlijioaren gainbehera. Erortze honek ez du zerikusi handirik sinesmen bati eusteko maila intelektual edo kontzientearekin, baizik eta gizakiaren bizitza psikikoaren maila askoz sakonagoarekin. Erlijioaren gainbehera ez da beherakada estatistikoa, baizik eta mundu-ikuskera oso baten galera, gizaki mendebaldarraren bizitza psikikoa egituratzen zuen sinbolo eta irudi multzo oso batena. Erdi Aroko gizakiarentzat, eliza katolikoaren mundua, bere mugatasunaren eta inguruko munduko misterioen arteko interfaze moduko bat zen. Interfazeak bi sistema independenteren komunikazioa ematen du, informazioa trukatzeko aukera emanez. Beraz, erlijio katolikoak, sakramentu eta erritoen bidez, bizitzaren ziurgabetasunari erantzuna eta zentzua aurkitzeko modua ematen zuen. Irudiek eta sinboloek mundu orekatu baten berehalako errealitatea transmititzen dute: mundu horretan gauza guztiek beren lukua hartzen dute, gizakia zentzu osoz errealizatua sentiarazten duena.

2-Gizartearen antolamendu arrazionala. Irudi eta erritu erlijiosoez hustutako mundua zientziak, protestantismoak eta kapitalismoak ordezkatuko dute. Protestantismoak, elizaren sinbolismoa arbuiatzean, izpirituz gabetutako eta haren aurkako objektuz beteriko mundu bat erakutsi zuen, azken finean, beste mundu desatsegin eta desezpiritualizatu bat zen, lan eta industriarekin konkistatu beharrekoa. Arazketa honek pobretu egiten du gizakia, bere Jainkoaren eta fedearen eskakizunen aurrean biluzik utziz. Aurrerantzean ez da kontsolamendurik edo azalpenik emango duen bitartekaririk egongo, eta, beraz, zama psikikoa jasangaitza eta kudeatzeko zaila izango da. Protestantismoak kontzientzia handitu zuen, ezbairik ez, baina hura gure izaeraren bizitza inkontziente sakonetik erabat urrundu eta zatitzearen kostura. Egia esan, gizakia biluzik geratzen da, bitartekaritza mota guztietatik araztua, Giacomettiren eskulturetako baten antza duelarik. Giacomettik landutako giza irudiak, oso luzeak dira, urduriak, asko sufritzen ari direnaren itxurakoak. Sartrek zioen Giacomettiren eskultura anorexikoak izatearen eta ezerezaren arteko bidearen erdian daudela.

Sartrek zioen Giacomettiren eskultura anorexikoak izatearen eta ezerezaren arteko bidearen erdian daudela

Max Weberrek “Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua” liburuan, protestantea bere Jainkoarekin lanaren bidez erlazionatu zitekeela dio. Lanaren garrantzia azpimarratzen zuen salbatuko ziren hautatuen artean egoteko. Lanaren, zintzotasunaren, prestutasunaren, puntualtasunaren eta abarren balioekin, “Etika protestante” bat eratzen zen, industria-iraultzarekin eta kapitalismoaren gorakadarekin oso ondo egokitzen zena. Weberren lanak giza bizitzaren antolaketa arrazionala adierazten du aro modernoaren funtsezko ezaugarritzat.

Feudalismoaren munduan, lana zehatza da, organikoa, tokian tokiko beharretara zuzendua; gizakiak lurraren erritmo naturalen arabera egiten du lan. Kapitalismoan, aitzitik, gizakia lurretik bereizten duen espiritu kalkulatzaile eta abstraktua dago; helburua ez da beharra, eraginkortasuna baizik, eta hori lortzeko ekoizpen-prozesuaren antolaketa arrazionala egon behar da. Antolaketa hori nekazal eremua uztearen, hiri eta lantegietan langileak biltzearen eta horrek dakarren lan-banaketaren ondorio bat da. Weberren ustez, arrazionalizazio-prozesu horrek gizarte-bizitzaren gero eta alderdi gehiago menderatzen ditu. Beraz, deskribapen horren kontzeptu gakoa “abstrakzioa” da; hau da, gizakiak, bere lana, ingurunea eta harreman sozialak zuzenean eta organikoki esperimentatu beharrean, sistema baten termino abstraktuetan hautematen ditu, efektu jakin bat sortzeko manipulatzen diren elementu gisa.

3-Zientzia eta mugatasuna. XVIII. mendean Ilustrazioaren mundo-ikuskera modernoa finkatu zen, iraganeko sineskeriak desmitifikatzen zituena eta, horren ordez, arrazoi zientifikoak informatutako eskema soziokulturala jartzen zuena. Horri esker, oso urrun joan da natura menderatzen, gizakia ia jainko bihurtu duen garapen teknologikoa ahalbidetuz. Bestalde, horrekin batera, mugatasun-sentsazio erradikala ematen dio; egia esan, ingurune tekno-zientifikoak botere ia mugagabea jartzen du gizakiaren eskura, baina, era berean, giza-bizitzaren besterentze, hauskortasun eta ausazkotasunaren sentsazioa areagotu egiten ditu, existentziaren sakontasunen aurrean arrazoimenaren ezintasuna agerian utziz.

Gehienek ez diete galdera existentzial horiei aurre egiten, ezta kasurik egiten ere, oro har, mundu tekno-zientifikoak Promestutako Lurraldera eramango duen baikortasun pasiboa begi itsuan onartuz. Baina ilusiozko itxaropen horien aurrean, Kantek, duela bi mende baino gehiago, filosofiaren alorrean arrazoimenaren erabilerari mugak ezarri zizkion. Eta gaur egun, fisikak eta matematikak haren intuizioak erabat berretsi dituzte.

A-Fisikaren munduan, Werner Heisenbergek ziurgabetasun-printzipioak enuntziatu zituen 1927an eta honekin zalantzan jarri zuen zientziaren oinarrizko ezaugarrietako bat, aurreikusgarritasunarena hain zuzen ere. Fisika klasikoa, balio zehatz eta aldiberekoak, partikula baten posizioa eta abiadura, adibidez, kantitate fisiko orori esleitu dakizkiokeen suposamendutik abiatzen da. Fisika kuantikoak ukatu egiten du aukera hori. Heisenberg-en ziurgabetasun printzipioak dio ikus daitezkeen magnitude fisiko eta osagarriak zehaztasun osoz ezagutzerik ez dagoela. Hau da, fisika kuantikoan ezin da jakin aldi berean eta zehaztasun osoz elkarren artean konmutatzen ez duten osagaien balioa. Horren adibide dira, partikula baten posizioa eta momentu lineala. Honen ondorioz, partikularen posizioa zehaztasun osoz ezagutuz gero, honen momentu linealaren ziurgabetasuna absolutua izango da. Tesi epistemologiko honek mugak jartzen dizkio gure jakite gaitasunari, baina inplikazio ontologikoak ere baditu, errealitatea, bere izaterik sakonenean, zehaztugabea, kaotikoa izan daitekeela adierazten baitu, zientziak jakin dezakeenari muga handiagoak erantsiz.

Werner Karl Heisenberger (1901-1976)

B- Logika matematikoaren eremuan, Kurt Godelek 1927an bi osagabetasun-teoremak  argitara eman zituen. Lehen teoremak dioenez, ez dago aldi berean sendoa eta osoa den teoria matematiko formalik. Bigarren teorema lehenengoaren hedadura bat da, eta erakusten du sistemak ezin duela bere sendotasuna frogatu. Gödelen teoremek, sistema matematikorik formalizatzeko ezintasuna erakutsi zuten, baita matematikak beti soluziorik gabeko arazoak izango dituela ere. Ondorioz, matematikaren errealitatea estuki lotuta dago giza-mugatasunaren errealitatearekin. Osotasun itxi baten itxaropena, dena har dezakeen sistema batena, irudipenezkoa da.

ONDORIOZ, zientziak ezin du errealitatearen azalpen osoa eman, ezagutzan dauden oinarrizko mugak direla-eta. Honetaraz gero, Magritteren lana aipatzea komeniko litzateke, bidenabar bada ere, bere koadroetan behin eta berriz galdetzen baita errealitatearen muinari buruz. René Magritte (1898-1967) belgikar margolaria izan zen; surrealismoak izan duen margolari ezagunenetakoa. “Giza izaera” serieko koadroek oso ondo islatzen dituzte zientziaren eta arrazoiaren mugak. Margolan hauek, “Koadroaren barruko koadroak” deituak, leiho bat, edo kanpoalderako irekidura bat eta mihise bat dituen asto bat irudikatzen dituzte. Mihiseak errealitatean teorikoki leihotik ikusita dagoen paisaia bera irudikatzen du. Horrela, paisaiaren eta ikuslearen artean dauden leihoen arazoa konpontzen saiatzen da Magritte. Natura errealari natura margotu bat gehitzen zaio. Baina pintatuta egoteak fikziozko bihurtzen al du?

Magrittek beti galdetu izan dio bere buruari zer zen errealitatearen kontu hori. Asto baten gainean koadro bat margotzean, ezkutatzen duen gauza bera irudikatuz, Magrittek ilusio optiko bat baino zerbait gehiago adierazi nahi du, seguruenik sakonagoa den zerbait. Koadro baten barruko koadro horiek “irudien traizioa” ikertzeko modu berriak baino ez dira, hau da, gizakia errealitatea bere zentzumenen bidez ikustera behartzen duen baldintza, baita horiek (zentzuek) hain erraz engainatu dezaketenean ere. Errealitatea beste zerbait izan daiteke. Edozer gauza.

Egia esan, Magritteren pintura hauek adierazten dute mihise hori geu garela, edo arrazoimena behintzat, kanpoko mundua irudikatzeko dugun ahalmena. Eta gure egoera halakoa da, non errepresentazio hori ezin den inoiz guztiz fidela edo objektiboa izan. Gure subjektibotasunaren zati murriztezin bat behaketa egintzan txertatzen da, halako moldez non gure munduaren ezagutza beti mugatzen baitu giza existentziaren egitate gordinak. Magritteren pinturek oso ondo erakusten dituzte gure existentziaren baldintzen ondorioak. Gure mugatasuna ez da esperientzia subjektiboa soilik, baizik eta gizakiaren jarduera gorenetan iradokitzen den egitate bat, ikerketa zientifikoan gertatzen den bezala.

Laburbilduz, erlijioaren gainbeherak, protestantismoaren eta kapitalismoaren konbinazio bitxiarekin batera, gizakia babesik gabe utzi zuen gizarte-bizitzaren arrazionalizazio gero eta konplexuagoaren aurrean. Alde batetik, mundo-ikuskera erlijiosoa galtzeak gizakia biluzik utzi zuen bere mugatasuna gainditzen duen misterioaren aurrean; bestetik, arrazionalizazio eta abstrakzio prozesuek gizakiaren izatea zatitu eta zatikatu zuten, bere bizitza, bitarteko eta helburuetan neurtutako dinamika mekaniko batera murriztuz. Azkenik, zientziak munduaz eta geure buruaz dugun esperientzia aldatzen du, eta zibilizazio mendebaldarrak aurrerapen uniforme, iraunkor eta mugagabea lortzen du. Zientziak erantzun garrantzitsuak eman dizkie arrazionalismo harroputzaren anbizioei, baina giza-mugatasunaren fenomenoarekin ere egin du topo: fisika eta matematika diren zientzia zorrotzago horietan agertu dira arrazoiaren mekanismoaren barruan muga erabakigarrienak. Azken ukitua emateko, Magrittek, bere koadroen bidez, adierazten du zentzumenen bidez hautematen den eta zientzia lantzen duen errealitatea irudien traizioa dela, ilusio hutsa, beste edozer gauza izan daitekeelarik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s