Aleviak (2). Alevien gatazka soziopolitikoa gaur egun

1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera, Turkian izandako mobilizazio politiko eta aldaketa ekonomikoek alevi komunitatearen nortasun-izatearen pertzepzioa goitik behera aldatu zuten. Turkiar gizartean Modernitatearen aurrerapenetik eratorritako aldaketa soziologiko, ekonomiko eta politikoek, etengabeko krisialdiekin batera, alevi komunitate baztertu eta estigmatizatuaren bizitasuna frogatu baitzuten.

Alevi auziaren agerpen publikoa (1960-1980)

Alderdi Demokrataren hamarkada bateko agintaldia bere buruzagiak atxilotu, epaitu eta espetxeratu zituen batzorde militar batek kendu zuen. Menderesen gobernuaren erorketak ezegonkortasun politiko garai bat ireki zuen. Une hau bat dator marxismo iraultzailea eta Hirugarren Munduko erretorika artikulatzen duten ezkerreko mugimendu erradikalen sorrerarekin eta egituraketarekin: Turkia Estatu Batuen kontrolpean erori dela baieztatzen du, eta, beraz, haren borroka “Turkia benetan independentea” lortzeko bultzatua dago.

Estatu politika turkiarrak, botere militarra hartu ondoren, batasun sunita-ortodoxoaren eta nazionalistaren ideologia bultzatu zuen. Gobernuak zabaldutako propaganda sunitak, aleviak, berez, ohitura dibergente batzuekin sunitak zirela adierazi zuen, euren berezitasuna ukatuz eta estatuko sunismoan integratzen saiatuz. Horretarako, agintariak alevismoa sunitartzen saiatu ziren, asimilazio eta sunifikazio politika estatal baten bidez. Alevi herrixketan egin beharreko azpiegiturak hobetzeko, suniten aginduak bete behar ziren: meskita eraikitzea eta alevi ume guztiek suniten heziketa erlijiosoan parte hartzea.

1-1960ko hamarkada alevi esparru politiko baten sorrera izan zen. Honela sortu zen Batasun Alderdia (Türkiye Birlik Partisi, TBP), alevi alderdi politikoa, 1966tik 1981ean itxi zen arte existitu zena, 1980ko kolpe militarraren ondoren. Bere logoak Ali eta 12 imanak irudikatzen zituzten 12 izarrez inguratutako lehoi bat erakusten zuen. 1969ko hauteskunde orokorretan, alderdiak zortzi diputatu lortu zituen.

Hamarkada hau, Anatolia astintzen zuten barne konbultsioen lekuko ere izan zen: hiri “mistoak” deiturikoek mobilizazio garrantzitsu bat izan zuten, alevi eta sunita, nazio mailan eragin nabarmenekin. Erlijio Gaietarako Estatu Idazkariaren adierazpenek legitimitate osoa ukatzen diote alevismoari, heresia hutsa bere ustez, eta eztabaida sutsuak eragiten dituzte. Eskuin muturreko alderdi nazionalistaren (MHP) emaitzak agerian uzten du aniztasuna dagoen tokian arrakasta duela, eta horrela eskuin liberal-kontserbadorearen monopolioa hausten du. Ezkerreko alderdiek, Batasun Alderdiak (TBP) eta Turkiako Langileen Alderdiak (TIP) ere arrakasta handia lortu dute lurralde misto hauetan, Herriaren Alderdi Errepublikano (CHP) zahar eta poteretsuaren kaltetan. Askotan, liskar hilgarriak gertatzen dira alevi eta suniten arteko sinboloen inguruan. Eta langile mugimenduaren, ikasleen protestaren eta nazionalismo kurduaren sorrerarekin batera, gatazka komunitario sortzen da espazio politikoaren elementu erabakigarri gisa.

Türkiye Birlik Partisi (TBP), alevi alderdi politikoa

2-1970eko hamarkadan zehar, hainbat zatiketa gertatuko dira ezker erradikalean, eta horietako zati esanguratsu batek, boterea eskuratzea, soilik indarraren erabileraren bidez lor daitekeela ondorioztatuko du. Hala, hainbat erakunde armatu sortuko dira Turkiako segurtasun indarren aurka gerrilla gerra bat egiteko. Mugimendu horiek ideologia unibertsalista baten barruan bildutako erreklamazioak jaso zituzten, ez identitatezkoak, eta gutxiengo guztien elkarbizitzarako atea ireki zuten. Mugimendu iraultzaile hauek, Turkian zapaldutzat jotzen ziren herriak erakarri zituzten, kurduak edo aleviak kasu, Turkian bi nortasun gutxiengo nagusiak zirenak.

Fundamentalismo sunitaren berrindartze garai honetan, alevi askok, alevismoa, modu sozialista eta marxistan berrinterpretatu zuten, berdintasun eta justiziako alevi idealekin kidetasun handiagoa zutelako; are gehiago, Ali eta Haci Bektas bezalako buruzagi erlijioso zaharrak ere, lehen sozialista bezala berrinterpretatuak izan ziren. Horrela, gazte alevi askok, turkiarrak zein kurduak, ezkerreko talde sozialista eta marxistetan parte hartu zuten. Belaunaldien arteko etena zabaldu zen alevismoan: belaunaldi nagusiak kemalista izaten jarraitzen zuen, eta belaunaldi gaztea politizatu egiten zen unibertsitateetan, bigarren mailako eskoletan eta sindikatuetan, pentsamendu iraultzailearekin harremanetan jartzean. Forma zaharrak ez zeudela eguneratuta eta aleviek gizartea errotik berregituratzeko lan egin behar zutela esaten zuten. Bizitza sunitaren korronte nagusira asimilatzen saiatzen ziren elementu “erreakzionario” guztiak etsai bezala ikusi zituzten, eta ezker muturreko alderdiekin bat egin zuten, sunismoaren aurkako oposizio historikoa klaseen arteko borrokan berrinterpretatuz eta estatuaren aurkako paper tradizionalarekin jarraituz.

Haustura-prozesua modu dramatikoan areagotu zen. Ordurako nabaria zen komunitate barruko edo erkidegoen arteko gatazkak arbitratzeko eta kudeatzeko ohiko mekanismo tradizionalen ezintasuna eta zaharkitzea. Ia gerra zibilaren egoera oso benetakoa zen, eta alevi auzia lehen mailako faktore politiko bihurtu zen Turkian.

Bülent Eçevit, CHPko buruzagi berria 1972-1980 bitartean, politika sozialdemokrata Turkian sartu zuen eta kemalismoa sozialdemokraziarekin sintetizatu zuen, sozialdemokrazia ideologia kemalista modernoaren funtsezko printzipio bihurtuz. Eçevit, alevi dinamika independente baten sorreraren beldur zen, eta ekimen hau, aliantza proposamen batekin baztertzen saiatzen zen. Alevi hautesle moderatuek onartu egin zuten Eçeviten proposamena, baina alevi gazteria alde batera utzi zuen. CHPren kemalismo sozialdemokrata, MHPren eskuin erradikal sunitaren aurkako azken gotorleku bezala aurkezten zen, honen erantzukizuna alevi komunitateen aurkako pogromoetan oso nabarmena zelarik. 1973ko hauteskunde orokorretan, alevien Batasun Alderdiak %1,1 baino ez zuen lortu, parlamentuan diputatu bakarra irabaziz. Begi bistakoa zen ezker erradikal ilegalak mugiarazten zituela alevi gazte gehienak.

Bülent Eçevit

Alevien aurkako pogromoak ugaldu egin ziren aldi horretan. 1978ko abenduaren 19tik 26ra, Marasen, “Komunistak meskitak erretzen ari dira” eta “gure erlijioa jokoan dago” oihukatuz, pogromoek 150 pertsona hil zituzten, gehienak alevirak. 200 etxe baino gehiago erre ziren eta ehun bat denda suntsitu. Ondoren, 804 pertsona epaitu zituzten auzitegietan. Batzuk zigortuak izan ziren, baina benetako errudunak eta planifikatzaileak ez ziren inoiz agerian utzi. 1980ko uztailean Çorumen sarraskia errepikatu zen 50 hildako baino gehiagorekin. “Estatu sakonak” nazionalistei eta fundamentalistei egotzi zien hilketen errua, iraileko kolpea justifikatzeko. Istilu horiek funtsezkoak izan ziren Turkiako Gobernuak 1980ko irailaren 12ko gerra-legea eta kolpe militarra ezartzeko erabakian.

Errepresioa areagotzea eta alevien berpizkundea (1980-1997)

Armadak eta botere faktikoek, Turkiako Estatuaren ibilbidean etapa erabakigarri bat irekiz erreakzionatu zuten. A) Praktika-mailan, 1975ean jada, gobernuak eskualde misto batzuk “arrisku-eremu” gisa sailkatu zituen. Alevismoa erregimenaren aurkako mehatxutzat hartzen da, ezker erradikaleko militanteak nondik datozen ikusita. Herri mistoetan izandako alevien aurkako pogromoak ugaritzen dira: Erzincan, Elazla, Sivas, Malatya, Fatsa, Çorum, Mara. B) Teoria-mailan, 1976an Ziya Gökalpen mendeurrena ospatzen da, “turkifikazioa, islamizazioa eta modernizazioa” sintesiaren egilea. Ospakizun horiek agerian uzten dute Estatuak bat egiten duela “turkiar-islamiar” sintesiarekin, legitimazio eta botere iturri esklusibo gisa. Birmoldaketa honen formulazioak aleviak behin betiko baztertzen ditu kurduen aldekotzat eta Turkiako Estatuaren barneko etsaitzat hartuz. Horrela egiazta daiteke 1980ko ekainaren 2ko dokumentu sekretu batean, Evren jeneralak, Estatu Nagusiko buruak, sinatua, handik hilabete gutxira junta militarraren buru bihurtu zena. Behin boterean, Evren jeneralak “sintesi turkiar-islamiarra” formalizatuko du, eta Alevien “sunizazioa” eta herrixketan meskiten eraikuntza masiboa izango ditu helburu.

1980an militarrek boterea hartu zutenean, presiopean jarri zituzten Turkiako mugimendu sekularista guztiak, bizitza publiko eta pribatua gero eta islamizatuago zeudelako. Aleviak, estatu laiko kemalistaren porrotaren beldur ziren talde laiko-liberal sunitekin aliatu ziren, baina, oraingoan, aleviak ez zituzten talde hauek xurgatu, baizik eta eurekin lankidetzan aritu ziren, bakoitzak bere aldetik identifika zezakeen talde bezala. Nolanahi ere, garai honetan sozialdemokrazia alevismo moderatura hurbiltzeko saiakerek aurrera jarraitu zuten. Bestalde, orduan oso zabalduta zegoen alevismoa laster desagertuko zelako iritzia, eta iragarpen hori alevi nortasunaren aldaketarekin lotuta zegoen, oinarri erlijioso bat izatetik beste politika bat izatera igaro baitzen.

1-Alevi berpizkundea. Baina 1980ko hamarkadaren amaieran, islamismo sunitak indarra hartu eta intolerantzia erlijiosoa hedatu ahala, alebien erreakzio indartsu bat gertatu zen, berpizkunde kultural sendo bihurtu zena. Berpizkunde hau elite batek bultzatu zuen, fundazioak antolatzen, santuen hilobiak berreraikitzen, erritualak zaharberritzen, tradizioak berreskuratzen, azken batean, alevien kultura, komunitatea eta nortasuna berreraikitzen saiatu zena. Aldi berean, Turkiaren irekiera demokratikoak (1988-1989) tabuen haustura baldintzatu eta prentsan eztabaida publikoak zabaldu zituen garaian gertatu zen hori. 1989tik aurrera, lehen debekatuta zeuden argitalpenak onartu ziren, eta prentsa liberalak alevismoa komunitate erlijioso bereizi gisa onartzen zuen. Baztertutako beste talde batzuekin batera, aleviek areagotu egin zuten beren aktibismo politikoa, eta borroka egin zuten berdintasuna lortzeko eta alebismoa bere ezaugarri bereziak dituen komunitate islamiar gisa ofizialki aitortzeko, baita bere erritual eta praktika erlijiosoa legeztatzeko, alevi doktrina Estatuko hezkuntza-sisteman txertatzeko eta komunikabideetan bidezko parte-hartzea izateko ere.

1990eko maiatzaren 6an Aleví Adierazpena argitaratu zen “Cumhuriyet” egunkarian. Alevismoaren inflexio-puntua izan zen, Turkiako iritzi publikoaren aurrean lehen aldiz agertuz bere idearioa eta Turkiako Gobernuari egindako eskaerak deklaratuz. -A) Alevismoa publiko eta ageriko egiten du, alevi terminoa sinboloen edo alegorien ordez argi eta garbi erabiliz. B) Alebismoa suniten fedea bereizten duen fedea eta kultura gisa definitzen du, nahiz eta sunismo ofizialak alevismoa Islamaren parte gisa aurkeztu. C) Estatu turkiarrak eskubideak ematea eskatzen du alevi komunitatea identitate desberdin gisa aitortu eta autodeterminatzeko. D) Halaber, alevismoaren aurkako diskriminazio-jardunbideak bertan behera uztea jasotzen du (testuliburuetan, liburu erlijiosoetan, Turkiako hedabideetan eta irratigintzan ez aipatzea, alevi herrixketan meskitak eraikitzeko etengabeko praktika). Deklarazioaren amaieran giza eskubide unibertsalak aipatzen dira, turkiar intelektualei alev komunitatearen alde egiteko eskatuz.

Alevien adierazpen publikoa Cumhuriyet egunkarian (1990eko maiatzaren 7an)

“Alevi pizkunde” hau hainbat faktoreren emaitza izan zen. Bata, Ekialdeko Europako sistema sozialisten kolapsoa izan zen, ezkerreko ideiak, alevientzat hain erakargarriak ez izatea eragin zuena. Beste bat, turkiar gizartearen birislamizazio mailakatua izan zen; aleviek beharrezko  ikusi zuten argi eta garbi bereiztea, euren kultura eta kredoa birdefinituz eta berrantolatuz, horietako asko jada galduak zirelarik. Errealitate berrien argitan berrebaluatu ziren alevi ideal tradizionalak (endogamia, intentziozko isolamendua, anaitasun espirituala), erakunde erlijioso zaharrak. Era berean, elkarte kulturalak sortu ziren, hitzaldiak egin ziren eta alevismoari buruzko argitalpen asko inprimatu ziren. Laburbilduz, alevien historia eta erlijioa berrinterpretatzeko prozesu hau, alevi komunitatearen mende bateko disimulazio praktiketatik “irtetearekin” amaitu zen. Aurrerantzean, ohikoa da ikustea elementu erlijioso esoterikoen irekiera, baita cemevit delako horietan emandako erritu eta ospakizunena ere, publikoak izaten baitira. Historia modernoan lehen aldiz, aleviak euren nortasun estigmatizatua publikoki onartzera, estatuarekiko interes kolektiboak artikulatzera eta gehiengo sunitarekin berdintasuna eskatzera ausartu ziren.

Turkiako estatuak ere ez zuen berpizkunde honen aurka egin, are gehiago, alevi-kurduei nortasun alternatibo bat emateko saiakera bezala ere babestu zuen, PKK ekialdeko probintzietan eta bereziki hego-ekialdekoetan indartzen zen heinean, alevi eta alevismoa “benetako turkiar” eta “benetako Islam” bezala aurkezten ziren bitartean. Izan ere, gobernuak itxaropena zuen aleviak turkiar eremu nazionalista garbi batera erakartzeko eta zapaldutako beste gutxiengo batzuengandik bereizteko, bereziki etengabe igotzen ari zen nazionalismo kurdutik. Estatuak gero eta interes handiagoa zuen aleviak kurduengandik bereizteko, manipulatu eta erregimenaren helburuak sustatzeko. Horri dagokionez, adierazgarria da agintari publikoen ordezkariak Haci Bektasen jaietara joan izana, aldi horretako babes eta jarrera positibo horren seinale. Haci Betkas sinbolo interesgarria da: Turkiaren Independentzia Gerran, Mustafa Kemal, alevien artean, Imam Aliren berraragitze bezala irudikatua zen. Sinbolismo hau, ordea, 1990eko hamarkadan aldatu zen, alevi buruzagi nagusiak, turkiar nazionalismoa indartzeko gorteatu eta kooptatuak izan ziren garaia. Garai honetan, Haci Bektas ikur proto-nazionalista bat irudikatzen zuen, hau da, Turkiako Estatuarekiko leialtasun ikur bat. Kooptazio saiakera hauek, euren fruituak eman zituzten, alevismoaren barnean dagoen eremurik erlijioso eta kontserbadoreena (Haci Bektas elkartea), estatuaren aldekoago bihurtu zelarik. Aitzitik, Pir Sultan Abdal (alevien historiako beste gizon santu baina errebeldea)-en babespean antolatutakoak, ezkerreko alderdien alde agertu ziren.

Pir Sultan Abdal, Ali eta Haci Betkas

Baina ondorengo lehen ministro Özal, Demirel, Çiller eta Erbakan hurbiltzeko ahaleginek ez zuten arrakastarik izan. Turkiar-islamiar birmoldaketaren areagotzea geldiarazteko gai ez zirela, alevi komunitateko kide asko haiengandik behin betiko aldendu ziren. DSP, Bülent Eceviten ezkerreko demokratiko alderdi berriak, bere egiten du 70eko hamarkadako bere irudi sozialdemokratarekin kontrastea egiten duen diskurtso ultranazionalista, eta sinesgarritasun guztia galtzen du alevi komunitatearen aurrean. Beraz, 1990eko hamarkadaren bigarren erdian, alevien ordezkaritzaren gainbeherak eragin handia izan zuen sistema politikoan. Alevi batzuek alderdi politiko propio bat sortzea eskatzen dute sunitak nagusi diren alderdi islamistei aurre egiteko; beste batzuek, aldiz, alevi alderdi batek gerra zibila ekar dezakeen beldur dira. 1996an, Demokratik Baris Hareketi (DBH) sortu zen. 1960ko hamarkadako Türkiye Birlik Partisiren (TBP) ondoren, bigarren saiakera izan zen alevi alderdi politiko bat sortzea, alevi auzia ikusgarriago egiteko eta alevien interesak defendatzeko Parlamentuaren barruan edo kanpoan. DBH alderdiak 1996ko hauteskundeetan aurkezteari uko egin zionean tirabirak sortu ziren eta Bakearen Alderdia bihurtu zen. 1999ko hauteskundeetan aurkeztu zen eta boto nazionalaren % 1 baino gutxiago lortu zuen. Gauzak horrela, alderdia 1999ko maiatzean abolitu zen.

2-Errepresioa areagotzea. 1980ko Estatu kolpearen ondoren, Turkiako indar iraultzaileak neurri handi batean suntsituak izan ziren, eta honek nahikoa leku utzi zuen nazionalismo kurdua mugimendu iraultzaile unibertsalistetatik askatzeko. Kurdistango Langileen Alderdian (PKK) gorpuztutako mugimendu kurdu berriak berehala eskuratuko du iraultzaile kurduen monopolio politiko-militarra, independentzia aldarrikatzea bere helburuen erdigunean jarriz. Ondorioz, mugimendu iraultzaile klasikoak ezagunagoak izan ziren alevien artean, eta, beraz, alevismoa ezkerrarekin parekatuz joan zen mailaz maila. Horrela, ezkerraren eta eskuinaren arteko oposizioa ordura arte ezagunena zen sunita-alevis banaketari gainjarri zitzaion pixkanaka. Maras eta Çorumgo sarraskiak eskuin muturreko militante sunitek ezkerreko alevien aurka egindako erasoak izan ziren. Eraso hauen aurrean, erakunde iraultzaileek (THKP-C/DHKP-C), 1980tik aurrera, mugimendu unibertsalisten herentzia aldarrikatu zuten eta autodefentsarako milizia bihurtu ziren.

Gobernuaren diskurtso baztertzailea praktikara eramaten da errepresioaren bidez. Armadak Tunceli (lehen Dersim zena) sistematikoki erasotzen du; hiria enbargo ekonomiko baten menpe dago eta bere jarduera ekonomikoak izugarri erortzen dira; 284 eskolek (314 eskoletatik) ateak ixten dituzte, 168 herrixka (386 herrixketatik) suntsituak dira. Alevi bizi diren herrixkak erasotuak eta horietako asko mapatik ezabatuak diren bitartean, gobernuak herrixka sunitak armatzen ditu, baita hirietako biztale sunitak ere (Sivas, Malatya, Maras, Elazla, Erzincan) eskualde misto guztietan. Bi gertaera errepresibo nabarmenduko dira beren oihartzunagatik:

Sivas-ko gertaerak (1993ko uztailaren 2a). Sivas alevien (batez ere etnia kurdukoak) populazio handia bizi den probintzia bat da; herrietan alebiak dira nagusi, eta hirietan, berriz, sunitak. Sivas hiriak erakargarritasun handia du alevientzat; bertan, Pir Sultan Abdal, alevi sinbolo eta santu bat, bizi izan zen, estatuaren aurka matxinatu zen eta exekutatua izan zen. Horregatik guztiagatik, Pir Sultan Abdal elkarteek Sivas hiria aukeratu zuten 1993ko uztailean ospatu beharreko kultur jaialdiaren egoitza gisa, eta hainbat artista eta poeta izan ziren bertan. Bertaratutakoen artean, Aziz Nesin zegoen, Salman Rushdieren “bertso satanikoak” argitaratzeko asmoa iragarri zuena. Sunitak haserre zeuden haren presentziarekin. Jendetza bat bildu zen Nesin harrapatu eta hiltzeko asmotan. Lehenik, Pir Sultan Abdali eskainitako eskultura eraso eta suntsitu zuen. Ondoren, hiriko alkatearen (Ongizatearen Alderdia) hitzaldiak bultzatuta, jaialdiko partaideak zeuden hotela (Madimak) eraso, setiatu eta erre zuten. 37 pertsona hil ziren. Gertaerak 70eko hamarkadaren amaieran gertatutako sarraski eta pogromo masiboen oso bestelakoak dira. Lehenik eta behin, jaialdiko parte hartu zutenei eraso egin zitzaien, aleviei eraso beharrean, Pir Sultan Abdal eskulturaren aurkako ekintza oso sinbolikoa den bitartean. PIR Sultan Abdalek, estatuaren aurkako matxinada ez ezik, ezkerreko iritzi politikoak ere sinbolizatzen ditu. Baina gertaeren inplikazio garrantzitsuena tokiko agintarien begikotasuna izan zen, alkatearena bereziki. Poliziak ez zuen ezer egin erasoak geldiarazteko; armada, poliziak tokiko gertaerei aurre egin ezin dienean tartean sartu zena, misteriotsuki ez zen eraginkorra izan. Sutean hildakoen hiletetan 400.000 pertsona izan ziren Ankaran, eta manifestariek harriak bota zituzten Parlamentuaren eraikinaren kontra. Estatuaren papera bereziki zalantzan jarri zuten aleviek, mesfidantza handiagoko giroa sortuz. Gertaera horiek azaltzen dute, alevi talde batzuen artean, PKKri eta ezkerreko erakundeei (Pir Sultan Abdal elkarteak) gero eta babes handiagoa ematea. Madimak hoteleko sutearen beste ondorio bat, eskualdeko alevi migrazioa izan zen, suniten ageriko etsaitasunagatik edo lana aurkitzeko ezintasunagatik, baita PKKren aurkako kanpainan herrixken egoerak behartutako migrazioa ere.

-Biztanleriaren altxamendua Istanbulgo Gazi auzoan (1995eko martxoaren 12tik 14ra). Gazi auzoa Istanbulgo auzo pobrea da, langile klasekoa eta alevi populazio handia duena. 1995eko martxoaren 12ko gauean, lapurtutako taxi batean armatutako gizonek Gaziko zenbait kafetegitako bezeroak metrailatu zituzten, ezkerreko ekintzaileen bilgune izateagatik ezagunak zirenak, kleriko bat (dede) hil eta beste asko zaurituz. Ekitaldi horrek alevi komunitatearen eta ezkerreko erakundeen mobilizazio masiboa eragin zuen, eta istiluak sortu ziren zenbait egunetan. Poliziak neurriz kanpo jardun zuen balak jaurtitzen eta hainbat manifestari hiltzen. Protestak beste auzo batzuetara zabaldu ziren, eta polizien aurkako haserrea areagotu egin zen. Emaitza: 20 hildako baino gehiago eta 500 zauritu inguru. Erasotzaileak ez zituzten inoiz harrapatu, baina prentsak esan zuen Turkiako talde ultranazionalista bat izan zela ustezko egilea. Garai hartako Barne ministroak, Nahit Mentejek, PKK eta Hezbola aipatu zituen erasoen egile posible gisa, eta Poliziak ez zituela armak jaurti azpimarratu zuen. Gazi auzoko istiluen epaiketaren ostean, bi poliziari soilik ezarri zieten urte bat eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri. Epaien betearazpena atzeratu egin zen eta hildakoen familiek helegitea aurkeztu zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Estatu turkiarrak 510.000 euro ordaintzera zigortu zuten, Giza Eskubideen Europako Gutuneko artikuluak urratzeagatik. Estatu turkiarrak 510.000 euro ordaintzera zigortu zuten, Giza Eskubideen Europako Gutuneko artikuluak urratzeagatik.

Sivas eta Gaziko gertaerek alevien berpizkundea indartu eta erradikalizatu zuten. Beren buruzagi moderatuek lekua galdu zuten, ezkerreko erradikalek gazteen artean indar berezia hartu zuten bitartean. Horrela, bada, alevismoa nazionalismo kurduaren eta PKKren igoeraren alternatiba gisa sustatzen zuen estatu-proiektu hark porrot egin zuen erabat, eta, are gehiago, kontrako eragina izan zuela esan daiteke. Aipatu behar da 1990eko hamarkadaren hasierara arte, etnia kurduko alebiek ez zutela PKKarekiko begikotasun handirik, batez ere sunitekin zuten loturagatik, baina Sivas eta Gaziko sarraskietatik aurrera, PKK-k babes handia lortu zuen alevien artean.

Erdoganen gobernua eta AKP alderdiaren nagusitasuna.

1990eko hamarkadaren erdialdean, alevi komunitatea espektro politikoan ordezkaritza-polorik gabe zegoen. Erreferentzia galera hau areagotu egin zen Refah (“Ongizatea”) alderdi islamista boterera igo zenean (1995), eskuin erradikalak bezala, suniten nagusitasunaren muturreko islamismoa ordezkatzen zuena.

1997ko otsailaren 28ko kolpe militarrak Refah alderdiaren koalizio gobernuari amaiera eman zion eta Necmettin Erbakan orduko lehen ministroaren dimisioa behartu zuen, Recep Tayyip Erdogan egungo gobernuburuaren aholkularia zena. Kolpea “postmodernoa” izan zen, militarrek desfile bat egin baitzuten tankeekin, eta aste batzuk geroago manifestu bat argitaratu, Turkiako Konstituzio laikoa urratuko zuen programa islamista zela iritzita, baina ez zuten Parlamentua desegin, ezta erakunde demokratikoak aldatu ere. Kolpearen ondoren, Refah alderdia debekatu eta Fazilet (“Bertutea”) alderdiak ordezkatu zuen, ondoren, “Justizia eta Garapena Alderdia” (AKP) banandu zelarik, gaur egun boterean dagoena.

Alevi askok 1997ko kolpea babestu zuten, gobernu islamista dimititzera behartu zuena. Baina “kolpe postmoderno” honek Bülent Eçevit gobernuaren eraketa ekarri zuen MHP ultranazionalistarekin koalizioan, honen kide askok 1970eko hamarkadako alevien aurkako kanpainetan parte hartu zutelarik. Beraz, ulergarria zen aleviak ia ordezkatuta ez zeuden sistema politiko hondatu batetik aldentzea. Ordezkari hori ez dagoenez, gune hori 70eko hamarkadako ezker erradikaletik datozen eta oso politizatuta dauden elkarteen eta eragile “ez-sistemikoen” sare zabal baten inguruan eratzen da. Ezker horrek sozializazio-espazio bat eskaintzen die alebiar gazteei. Beste hitz batzuekin esanda, ezker horrek diskurtso eta legitimitate unibertsalista bat ematen die komunitate “partikular” honetako gazteei, etorkizunean beren existentzia ziurtatzeko.

2002an, Justizia eta Garapena Alderdiaren (Adalet ve Kalkinma Partisio-AKP) islamista eta kontserbadorearen garaipenak, Turkiako errepublikanismo autoritarioa zalantzan jarri zuen. Beraz, AKP boterean dagoen egoera politiko berriak, neurri batean, liberalizazio posible bat ekarriko lukeela dirudi. Izan ere, 2000ko hamarkada Anatoliako munduaren aniztasun erlijioso eta etnikoaren onarpen minimo batek eta Errepublikako akatsen azterketa batek markatu zuten. Aleviek, 1990eko hamarkadan arlo honetan jada aktibo zeudenak, komunitate bat bezala agertu ahal izan ziren, euren asmoak eramanez eta, bereziki, Dersim-go sarraskien oroitzapena berpiztuz. Alevien eskariak orokorrean aintzat hartu ez ziren arren, Dersim-go sarraskiak Erdogan lehen ministroak onartu zituen, aurrekaririk gabeko gertaera batean, 2011ko azaroan barkamena eskatu baitzuen. Baina alderdi islamista horren jarrera, suniten nortasun sendoa duena eta errepublikaren krimenak alebiren aurka konpontzen saiatzen dena, aldi baterako baino ez zen izan. Horrela, behin nagusitasunezko posizio eztabaidaezin batera iritsita, AKPk gogortu egin zuen bere diskurtsoa eta boterearen praktika. Norabide autoritario hori pixkanaka baieztatuz joan zen, eta, horrekin batera, diskurtso kontserbadoreagoa adierazten ari zen soilik sunita den identitate erlijiosoaren alorrean, alevis erreklamazioak ezesten zituena. Aleviek eskaera berberak errepikatzen zituzten: cemevis delakoen estatus legala lortzea, derrigorrezko kultura erlijiosoa ezabatzea, alevismoa kultura erlijiosoan eta ezagutza moraleko ikastaroetan sartzea, sunitei bakarrik zerbitzuak ematen dizkien DRA ezeztatzea, tekkeak (dervitxeen gurtza lekuak) alevi komunitateari itzultzea, Dersim, Maras, Çorum, Sivas eta Gaziko triskantzak aitortzea eta barkamena eskatzea, diskriminazioa prebenitzea bizitzaren eremu guztietan”.

1-Gezi parkiko istiluak.

Gezi parkiko istiluak, alevi istilu bezala etiketatuak, bakarrak izan ziren Turkiaren historian, eta alderdi politikorik edo oinarri ideologikorik gabeko gobernuaren aurkako ekimen zibiltzat hartuak izan ziren. Istilu masiboek 112 egun iraun zuten 80 probintzia baino gehiagotan, 6 alevi hildako eta 4.000 zauritu inguru izan ziren. Manifestazioak 2013ko maiatzaren 31n hasi ziren Istanbulgo Gezi Parkin. Protesta, AKP alderdiak otomandar hiriburu zaharrarentzat nahi zituen hirigintza proiektu neurrigabeen aurkako erreakzio bezala arrazoitua zegoen, baina, bereziki, Bosforoaren gaineko hirugarren zubi baten eraikuntzaren aurka protestatzen zuten, agintariek, Yavuz Selim sultanaren izenarekin bataiatzea egokitzat jo zutena, Selim Izugarria bezala ezaguna eta alevien sarraskiengatik ospetsua zena. Datak ere sinbolikoak dira. Izan ere, aleviek arrazoi guztiak zituzten protesta-mugimendu honetan lider izateko: tentsioen une gorena, ekainaren erdialdean, Sivaseko sarraskiaren hogeigarren urteurrenarekin bat zetorren; gainera, protestetan hil ziren sei manifestarietatik, hiru ziren aleviak eta beste hirurak alauitak (nusayrîak). Protesta horiek laster zabaldu ziren herrialde osoan, istiluen aurkako poliziaren erantzun bortitzaren ondorioz, eta gobernuaren aurkako manifestazio bihurtu ziren, nazioartean interes handia piztu zutenak. Mugimendua interes handiko beste mugimendu batzuekin alderatu zen (Occupy Wall Street, 68ko maiatza). Ildo horretan, protesta-mugimendua garrantzitsua da, estatuari hain eskala masiboan aurre egiteaz gain, klaseen edo laiko-islamista bezalako zatiketak ezabatzen dituelako; izan ere, pertsona gehienak gai sorta zabal baten inguruan elkartu ziren, ingurumenaren eta LGBT eskubideen defentsatik kapitalismoaren salaketara.

AKPko buruzagiek eta Erdoganek maiz erabili zuten “matxinada alebia” etiketa, baita “gu, sunitak, haien aurka, besteak (alevis)” ere. Istiluak “batasun nazionalaren eta ongizatearen” aurkako mehatxu gisa aurkezteko modua zen. Gezi parkeko istiluen ondoren, Erdogan lehen ministroak CHPri aleviek istiluetan parte hartzea leporatu zion. Beraz, Turkiako agintarien erreakzioek ez zuten egoera hobetu. AKPk eta Erdoganek eztabaida politikoari karga konfesionala eman zioten eta CHPren beste irudi bat indartzen lagundu zuten, mugimendu alevi eta antimusulmana balitz bezala. 2013ko azaroaren amaieran, Gezi Parkiko istiluei buruzko estatuko txostenak ondorioztatu zuen parte-hartzaileen % 78 alebiak zirela. Analista askoren iritziz, txosten horrek alevi delakoaren fabrikazioa indartuko luke, “Bestea” balitz bezala.

Ordudanik, alevien eskariak erabat ahaztuak izan ziren. Erdoganen gobernuak aleviei  agindutako “pakete demokratikoa” atzeratu egin zuten. Haien aspaldiko eskariak ez ziren aintzat hartu, eta, are gehiago, administrazio publikoetan beloa erabiltzeko baimena eman zen, 2014ko udaberrian udal-hauteskundeetarako AKPren oinarri kontserbadorea sendotzeko hauteskunde-helburuetarako prestatutako neurria. Ankarako Tuzlucayir barrutian meskita eta cemevi bat biltzen dituen gune erlijioso bat eraikitzeak bi asteko liskarrak eragin zituen irailean. Gulsuyu barrutian (Istanbul) alevi ekintzaile bat hil izanak are gehiago larriagotu zuen erkidegoak boterearekiko zuen mesfidantza, jada aztoratuta zeuden erkidegoen arteko harremanak pozoitu zituen, eta berez tentsioduna zen egoera larriagotzen lagundu zuen.

2-HDP alderdia sendotzea

2013ko ekaineko mugimendu demokratikoa sendotu egin zen. Bere osaeran heterogeneoa izanik, batzuetan kontraesankorrak ziren eskaerak zituzten talde komunitario edo politikoak biltzen zituen, eta ezin zenez indar politiko aktibo bihurtu, alevi mugimenduaren inguruan birbideratu zen. Baina autoritateek harekiko zuten etsaitasun eta mespretxuzko jarrerak korronte ezberdinak bateratzen lagundu zuen. Testuinguru horretan ulertu behar da Herrien Alderdi Demokratikoa (Halklarin Demokratik Partisi-HDP) indartzea, arreta handia jartzen baitu parte-hartzean eta demokrazia erradikalean, berdintasunean, feminismoan, LGBT-ren eta beste gutxiengoen eskubideetan. Alderdi berriak turkiar-kurdu, sunita-alevi eta Turkiako politikan dauden veste banaketa-parametroei aurre egiten die.

HDP 2012an sortu zen Herrien Kongresu Demokratikoaren erakunde politiko gisa, hurrengo udal hauteskundeetan BDPren (PKKtik gertu dagoen kurduen aldeko alderdia) babespean alebin botoa bereganatuko zuen ezkerreko mugimendu askoren batasuna. HDPk 2014ko hauteskundeetan parte hartu zuen lehen aldiz, non Turkiako mendebaldeko probintzia gehienetan aurkeztu zen, DBPk kurduen hego-ekialdean lan egin zuen bitartean. Bi alderdi konbinatuek botoen % 6,2 lortu zuten, baina HDPk ez zuen udalerririk irabazi. Bakea eta Demokrazia Alderdiko 21 diputatuek, DBPren aurrekoak, 2014ko abuztuaren 28an egin zuten bat HDPrekin. 2015eko ekaineko hauteskunde orokorretarako, HDPk alderdi bezala hautagaiak aurkeztea erabaki zuen, % 10eko atalasetik behera erortzeko arriskua zegoen arren. Nahiz eta HDPko politikari gehienak ezkerreko laiko kurduak izan, hautagaien zerrendan musulmanak, sozialistak, aleviak, armeniarrak, kristau siriarrak, azerbaijandarrak, zirkasiarrak, laziak, erromaniak eta LGBT ekintzaileak zeuden. 550 hautagaietatik 268 emakumeak ziren. 2015ean, Baris Sulu izan zen Turkiako lehen hautagai homosexuala HDPren hautagai gisa. Alevien artean, HDPren babesa  % 7tik % 16ra igo zen 2015eko ekainetik 2018ko ekainera.

Herrien Alderdi Demokratikoa (Halklarin Demokratik Partisi-HDP)

3-Alebismoaren eta CHPko errepublikanismo turkiarraren arteko harreman anbiguoak

Aleviak abegikorrak izan ziren Errepublika sekularraren etorrera onartzerakoan, baina ez zuen euren zoria hobetu. Turkiako sekularismoak ez zuen estatu erlijioso neutral bat eraikitzea ekarri. Aitzitik, politika nazionalistak eta homogeneizatzaileak kontrolatzen eta diseinatzen zituen sekularismoa zen, erlijioa nazioaren eraikuntzan identitate-elementu gisa Estatuaren zerbitzura jartzen zuena. Mustapha Kemalen Turkian, turkiarra izateak musulman sunita izatearen baliokidea zen. Esparru horretatik kanpoko edozein erreklamazio edo praktika nazioaren osotasunerako mehatxutzat jotzen baitzen.

Gainera, aleviek Errepublikaren bidez ez zuten inolako legezko aitorpenik jaso, beste gutxiengo batzuek (greziarrak, armeniarrak eta juduak) ez bezala. Cemevis direlakoek (meskitek ez bezala), ez zuten finantziazio publikorik lortu; alevien herrixketan hutsik zeuden meskitak eraiki ziren, eta imanak alfer-alferrik zeuden. Erlijio klaseak, lehen hezkuntzan derrigorrezkoak zirenak, soilik Islam sunitan (erlijio nazionalean) zentratzen ziren. Agintariek aleviak musulmantzat jotzen zituzten, haien berezitasuna kontuan hartu gabe. Legezko bazterketa iraunkor honi suniten zati baten arbuioa gehitu behar zaio, aldizka, segurtasun zerbitzuek etetea saihesten zuten benetako pogromoetan buka zezakeena.

Turkiako CHP errepublikanoen alderdia alevien alderdi bihurtzen ari da?

Hala eta guztiz ere, aleviek ideologia errepublikarrari eta Mustapha Kemalen ondareari atxikita egotearen ospea dute. Ez da harritzekoa Ataturken erretratuak cemevis-etan aurkitzea. Izan ere, 1940ko hamarkadan alderdi anitzeko sistema iritsi zenean, alevi askok Errepublikar tradizioaren oinordekoa zen Alderdi Demokratikoari (DP) eman zioten bozka. Era berean, gaur egun alderdi politiko kemalisten babes sozial zabalenetako bat izaten jarraitzen dute. Herriaren Alderdi Errepublikano (Cumhuriyet Halk Partisi-CHP)-ko egungo idazkari nagusia, Kemal Kiliçdaroglu, nazionalista eta kemalista, kurdua da, fede alevikoa eta Dersim hirian jaioa. Aipatzekoa da alderdi hau boterean egon zela eskualde honetan hilketa masiboak gertatu zirenean. Hala ere, ez da egia alebiak ideologia errepublikarrari baldintzarik gabe atxikitzearen ideia. Errepublikanismoari emandako alevi-babesa zirkunstantziala da eta areagotu egiten da agintari erlijiosoak boterean daudenean. Estatu errepublikarra gehiengo sunitak hartutako ekimenen aurkako babesle inperfektutzat jotzen da, baina beharrezkoa.

Kemal Kiliçdaroglu

4-Siriako gerra

Assaden erregimenak babes handia du Siriako alauitekin. Gerra hasi zenetik, Turkiako gobernuak Siriako matxinoak babestu zituen; aldiz, erakunde sekularista eta ezkertiar turkiarrek, Anatoliako alevis gehienek eta Hatayko nusayris gehienek, Assaden erregimena babestu dute erresistentzia antiinperialistaren itsasargi gisa. Haien aurrean Assaden aurkako altxamenduarekiko sinpatia sunita indartsua dago. Ez da harritzekoa alevi-suniten arteko liskarra lehertzear dagoen puntu batera iritsi izana.

Erdoganek oso modu arriskutsuan jokatu zuen, Anatoliako aleviak Siriako alauitekin parekatuz eta Assaden gobernu siriarra erregimen “alevi” dela ondorioztatuz. Erdoganek are gehiago berotu zuen adierazpen horien pisua, 2013ko maiatzaren 11n Reyhanli hirian (Turkiako Hatay probintzia) izandako atentatuan “52 herritar sunita” hil izana leporatu baitzion Damaskok prestatutako esker muturreko alevi talde bati. Turkiako gobernuak Assad presidente siriarrarekiko duen “ildo gogorreko” atzerri politika honek alevi (nusayri) komunitatea kinka larrian jarri du Hatayn. Egiaztatuta dago Siriako gatazkak erlijio-gatazkak indartu dituela mundu musulman osoan. Hatayko alevi taldeak immigrazio olatuak sekten arteko liskarrak eta tirabirak eragin zituelako kexatu ziren. Ez zitzaien arrazoirik falta. Errefuxiatu siriarrek, Turkiako hego-ekialdean, sektarismoa areagotu zuten, errefuxiatuek anfitrioien aurrekari erlijiosoei buruz galdetu ahala; horrela, bertako biztanleek gero eta kontzientzia handiagoa zuten beren desberdintasunei buruz, baita herrialdean errefuxiatuekiko sentitzen zuten gero eta tolerantzia txikiagoa ere. Beraz, Turkiako hego-ekialdeko errefuxiatu-esparruetan diskriminazioa eta sektarismoa hain izan ziren handiak, ezen 150 siriar alauitarrek Istanbulera joan behar izan baitzuten ostatu hartzera. Gainera, AKPk Al-Nusra Siriako talde ultraerlijiosoari emandako ustezko babesak alevien beldurra areagotu zuen Turkian.

AKPk “batasun nazional”-aren diskurtsoa “guk haien aurka” egindako leloarekin ordezkatu zuen, bereziki Siriako gerra zibilean Turkiarako immigrazioa hazi zenean. Alevi komunitatea beldur zen turkiar gizartearen barne-lehiak (turkiar-kurduak, sunita-aleviak, laiko-kontserbadoreak) ez ote ziren areagotuko. Beraz, Siriako gerra zibilaren espektroa Turkiako barne-egoeraren gainean zegoen. Aleviekiko mesfidantza gero eta handiagoa zen, eta horrek gero eta garrantzi handiagoa hartzen zuen. Turkiako alevi taldeak atzerriko herrialdeekin ditu loturak, bereziki Iranekin, alevismoan xiiteak diren elementuak kontuan hartuta, baita eskualdeko beste alevi batzuekin ere, Siriako alauitekin kasu. Gauzak hórrela, ez zen harritzekoa pentsatzea Sirian 2011n hasi zen suniten eta alauiten arteko gerra sektarioa Turkiara zabaltzea. Bestalde, jihadista batzuek, siriar sunitez osatutako etorkinen artean kamuflatuta zeudenek, turkiar alevisen aurka atentatuak egiteko asmoa zutela zioten. Ankarak talde jihadistei emandako babesak aleviak jarri zituen atentatuen jomuga.

Laburbilduz

Erregimen kemalistaren helburua turkiar sunita sekularistek osatutako Turkia bat sortzea izan zen. Turkiako aleviek estatuak behartutako “sunifikazio” politikak pairatu zituzten. Hori da Turkiako alevien arazoaren oinarrizko arrazoia.

Alevi gehienak bizitza sekularrak bizi ziren. Horixe zen, egia esan, estatu turkiarrak nahi zuen bizimodu ideala. Baina alevienganako errespetu falta eta mesfidantza, erregimen kemalistak egokitutako Otomandar Inperioaren herentzia izan zen. Otomandar aroan, aleviak beti “desbideratu” eta “errebelde”-tzat hartuak izan ziren, edozein unetan estatuaren aurka altxa zitezkeenak, hasieratik zapalduak izan ezean. Horregatik, errepublika berriaren lehen urratsa alevi irudi erlijiosoei muturreko presioa egitea izan zen. Horrela, bada, alevien buruzagi erlijiosoak, “dede” izenekoak, debekatu egin zituzten. Bizarrak indarrez moztu zizkioten. 1938ko Dersim altxamenduaren ondorengo zapalkuntza, eskualde horretako alevi biztanleria erabat suntsitzeko saiakera bat izan zen.

1960ko hamarkadaren ondoren, alevi taldeak ezkerreko mugimenduetan parte hartu izanak Turkiako estatuaren paranoia handitu zuen “komunismoaren arriskuari” dagokionez. Edozein alevi “komunista potentzial”-tzat hartzen zen eta ondorio larriei aurre egin ziezaiokeen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan, Turkiak alevien arteko sarraskiak bizi izan zituen Maras, Çorum, Malatya eta Sivasen, “Deep State” turkiarraren egiturek antolatuak.

1990eko hamarkadan, beste bi sarraski gertatu ziren Sivas eta Gazin. Turkiako “Estatu sakonak” bi helburu nagusi zituen sarraski horietan. Lehena alevi komunitatea beldurtzea izan zen, aurrerantzean gainerakoek kanpoko mehatxu potentzial gisa ikus zitzaten. Bigarrena, sarraski hauek suniten lana zirela ikusaraztea izan zen, honela, konfrontazio alevi-sunitazko atmosfera bat sortuz estatu sakonaren boterea indartzeko. Erregimen honek komunismoa mehatxu nagusitzat hartzen zuen, alevi bakoitza “komunista potentzial” bezala etiketatzen zuen, eta suniten-alevien arteko liskarrak antolatzen zituen. Hamarkada honetan, mehatxurik handiena “islamismoa” bihurtu zen, eta oraingoan aleviak suniten aurka antolatu ziren.

Turkiako zentro-eskuineko alderdiek, islamistek eta turkiar nazionalistek oro har, beti izan dituzte jarrera negargarriak alevien eskubideen onartzeko orduan. Justizia eta Garapena Alderdiak (AKP), gaur egun boterean dagoen alderdiak, ezin izan du tradizio hori gainditu, beraz, alebien auzia AKPren porrot nagusietako bat izan da.

Alevismoa, Turkian, fede eta kultura ez bortitz eta benetan baketsua  da. Baina ezin da ukatu ezkerreko korronteen oinarri herrikoia den alevismo sekularrean adar errebeldea dagoenik. Pentsamolde horrek mendeetako zapalkuntzan ditu sustraiak, eta, batzuetan, XX. mendeko joera iraultzaileen metodo bortitzekin bat egin zuen; horren ondorioz, alevi askok bat egin zuten Turkiako ezkerrarekin, eta horietako batzuk, besteak veste, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) sortzaile bihurtu ziren.

Gaur egun, alevi komunitateak oraindik ez ditu bere oinarrizko eskubideak gutxiengo bezala onartuak, politikoki baztertuta jarraitzen dute Turkian, botere postu ofizialetan ordezkaritza mugatua dutelarik. Alevien eskaerak Turkiako Errepublika demokratiko eta laiko baten eskaerak dira. Alevien arazoak iraganetik orainera Turkia herrialde demokratikoa ez izatearen ondorio dira. Arazoaren konponbidea Turkiako Errepublikaren erlijio-estatu harremanetan dago. Konponbidea posible izango da estatuak erlijiotik bere eskua kentzen badu eta erlijioaren funtzionamendu osoa bizitza zibilari uzten badio, hezkuntza eta sinesmenen eraketa barne. Konponbidea posible izango da Turkiako Errepublika estatu demokratiko bihurtzen bada.

One thought on “Aleviak (2). Alevien gatazka soziopolitikoa gaur egun

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s