Walter Benjamin Ryukyu uhartedian. Yamashiro Chikako.

Benjaminen “tesiak” sarri aipatzen dira, aurreko, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiak batzen dituen loturaren botere iraultzaileari buruzko eztabaida bat ezartzeko. Benjaminen Bigarren tesiak, bereziki, oraingo belaunaldiek aurreko belaunaldiekiko duten botere mesianiko ahulaz hitz egiten digu. Tesi hau Yamashiro Chikako Okinawako artistaren “Zure ahotsa nire eztarritik atera zen” (2009) lanaren mamia eta azalpen esparrua izango da. Izan ere, Benjaminen saiakerak eta Yamashiroren bideoak pertsonak iraganean, orainean eta etorkizunean lotzen dituen loturaren boterea argitzen dute.

I-Yamashiro Chikako

Yamashiro Chikako, Okinawan jaioa (1976), zinemagile eta bideo artista da. Argazkilaritzan, bideoan eta performancean egindako lanak Okinawa bere jaioterriko historia, politika eta kulturari buruzko ikerketa bisualak dira. Yamashirok honela hitz egiten du bere lanez: “Ekialdeko Asian baztertutako ahotsa, gorputza eta arima arakatuz, nire lanek identitatearen gaia, bizitzaren eta heriotzaren arteko muga eta memoria historikoaren bilakaera jorratu dituzte. Jaio eta hazi nintzen Okinawako egoera geopolitikoak eta historiak motibazio handia eta parametroak eman dizkidate nire praktika artistikoan. Zapaldutako pertsonen ahotsak, gorputza eta arima transmititzen saiatu naiz; bestalde, naturaren eta gizakiaren arteko adiskidetze-bidea aurkitu dut, baita Ni eta Bestearen artekoa ere, nire irudi eta narrazio poetikoen bidez. Argazkigintzaz eta bideoaz baliatu naiz nire gorputza eta beste pertsona batzuena erabiliz, uste baitut errealitatearen eta irudimenaren arteko muga fusionatu dezaketela, bai eta irudiaren eta ikus-entzuleen artean esanahi ugari sortu ere”.

Yamashiroren lan artistikoan bereziki aipagarriak dira Bigarren Mundu Gerran Okinawan jasandako baja zibil izugarriekin zerikusia duten gaiak, baita Japoniak eta Estatu Batuek Okinawa okupatu izanak eragindako gaur egungo arazoak ere. Yamashiroren lana irakurtzeko, Okinawaren egoera problematikoaren testuinguruan kokatu behar da, eta, beraz, haren historiaren aipamen txiki bat egin behar da.

II-Ryukyu erresumaren historia eta Okinawako gudua.

Uharte txiki anitzetako Okinawa uhartedia, nazio independente eta subirano bat (Ryukyuko Erresuma) izan zen bost mendetan zehar, harik eta Japoniak 1868an inbaditu eta anexionatu zuen arte. Japoniako gobernuak arduragabekeria administratibo nabarmenarez tratatu zituen okinawatarrak, pobrezia, gaixotasun eta goseteak eragin zizkienak. XX. mendearen hasieran, derrigorrezko japonizazio eta asimilazio programek Ryukyuren historia, hizkuntza eta kultura ezabatu zituzten. Ordutik aurrera, Okinawako biztanleak gutxiengo etniko subordinatutzat hartuak izan dira japoniar hiritarren populazio orokorraren barnean. Egoera horrek gaur egun ere jarraitzen du.

Bigarren Mundu Gerran, Japoniako gobernuak Okinawaren kokapen estrategikoa erabili zuen Ekialdeko Txinako Itsasoan, Indar Aliatuen erasoetatik babesteko, gerra kontinentera hurbildu ahala. Okinawa Ozeano Bareko gerrako gudurik odoltsuena izan zen. Guztira 240.000 pertsona hil ziren, horietatik 77.166 soldadu japoniarrak eta 14.000 amerikarrak. Okinawako biztanleria zibila izan zen kaltetuena, 150.000 zibil hil zirelarik (uharteko biztanleria osoaren herena).

Biztanleria zibilarekin egin ziren ankerkeriak izugarriak izan ziren. Lekuko eta historialariek diote soldaduek, batez ere tropa japoniarrek, Okinawako emakumeak bortxatu zituztela guduan. Txostenen arabera, tropa japoniarren bortxaketa “ohikoa bihurtu zen” ekainean, armada inperial japoniarra garaitua izan zela argi geratu ondoren. Bestalde, hainbat lekukotasun sinesgarrik adierazten dute Estatu Batuetako indarrek bortxaketa asko (baita neskatoak ere) egin zituztela guduan.

Japoniarren berehalako porrotarekin, zibilek sarritan beren buruaz beste egin zuten, soldadu japoniarrek bultzatuta, bertakoei soldadu estatubatuarrak barbaroak zirela eta sarraski izugarriak egiten zituztela esaten zietelako. Milaka zibilek euren familiak hil zituzten eta gero beren buruaz beste egin zuten, harrapatuak izan ez zitezen. Haietako batzuek beren burua eta beren senideak itsaslabarretatik itsasora bota zituzten.

III-Yamashiro Chikako. “Zure ahotsa nire eztarritik atera zen”

Yamashirok “Zure ahotsa nire eztarritik atera zen” deituriko lana antolatu du Okinawako guduaren inguruan. Yamashirok gertaera horiei buruz egiten duen azterketa begiztan erreproduzitutako zazpi minutuko film digital batean egiten da. Pantaila zabaleko formatuan ekoiztuta, ikusleak Yamashiroren aurpegia ikusten du, kameraren alde batera begira, ikusleriaren begirada tentuz saihestuz. Yamashiro, ahoa zabaltzean, agure baten ahotsa ateratzen zaio eztarritik. Agureak gerra garaiko borroka eta biziraupenaren istorioa kontatzen duen bitartean, Yamashirok haren bakarrizketarekin sinkronizatzen ditu bere ezpainak: “Babesleku antiaereo batetik beste batera pasatuz bizitzera behartuta geunden, janaririk gabe, urik gabe; janaria lortzeko ere ezin genuen landan lan egin”. Yamashirok bere gorputza erabiltzen du belaunaldien arteko transmisio batzuk jasotzeko. Honela, bere gorputza bere oroitzapenetarako kanal bezala erabiliz, Yamashirok, Okinawako gudutik bizirik irten zirenen eta ondare honen oinordekoen arteko lotura ezartzen du.

1-Neurtezinaren erretratua.

Okinawako herritar zaharrek jakin zutenean gobernuak Okinawako guduaren ekitaldiak eskolako testuliburuetan ez azaltzeko asmoa zuela, hitz egitea erabaki zuten. 60 urtez isilik eta lotsatuta egon ondoren, biziraun zuten agureek ezin izan zuten erreprimitu herrikideek beren buruaz beste egitera eta hiltzera bultzatu izanaren trauma, eta konturatu ziren euren heriotza hurbiltzen ari zela, eta gai honi buruz hitz egiten ez bazuten, Okinawako Bigarren Mundu Gerraren amaieran gertatu ziren ankerkeriei buruzko egia historian galduko zela. Yamashiro estuki identifikatu zen gerrako urteetan jasandako mina ahaztu ezin izan zuten zaharren oroitzapen mingarriekin. Okinawako batailako biktimekin identifikazio emozionala transmititzeko, Yamashiro bizirik atera zirenen “eztarria eta ahoa” bihurtzen saiatu zen. Pertsona horiei Yamashirok bere trebetasun artistikoez gain, gorputza, aurpegia, azala eta talentua ere eskaintzen dizkie, bizi izan zuten indarkeriaren aurkako oroitzapenak eta amorrua adieraz ditzaten, bai eta esperientzia horiek memoria publikotik ezabatzeko ahalegina ere.

Horretarako, Yamashirok, gerratik bizirik atera ziren zaharrekin elkarrizketa batzuk egin zituen Okinawako zahar-egoitza batean, bere lana planifikatzen lagunduko zioten argudioak jasotzeko asmoz. Zaharren istorio urratzaileak entzutean, bere mina berea bezala sentitzen saiatu zen, baina azkenean ezinezkoa izan zitzaion bere esperientziak partekatzea. Agerikoa zen aurreko belaunaldiaren eta gaur egungoaren arteko haustura neurtezina.

Filmean, Yamashirok istorioa artikulatzen du bere ezpainak agurearen ahotsarekin bat eginez, malkoak bere begietan agertzen hasten diren bitartean. “Babesleku antiaereoetako bizitza gure eguneroko bizitza bihurtu zen. Orduan uhartearen puntan elkartu ginen, eta gero jendeak jauzi egin zuen itsaslabarretatik ozeanora eta bere buruaz beste egin zuen”. Yamashirok ezin du ezpainak mugitzen jarraitu, ezin ditu agurearen hitzak ahoskatu, ezin helarazi, orain malkoak erruz isurtzen zaizkio aurpegian,  begiradaren norabidea aldatu egiten da, orain aurrera begiratzen du. Agureak hitz egiteari uzten dio eta negarrez hasi dela entzuten dugu; ahots koru bat bere inguruan batzen da eta kontsolatu egiten dute: “Nire familiako beste kide guztiak amildegitik salto egin eta hil ziren. Denek beren buruaz beste egin zuten”.

Espazio neurtezin bat irekitzen da Yamashiro eta gizonaren artean. Filmaren une gorena da. Yamashirok utzi egin dio ezpainak gizakiaren historiarekin sinkronizatzeari, familia osoaren suizidioari buruz hitz egiteak hunkitu egin baitu. Yamashirok aitortzen du ezinezkoa dela berarekin partekatzea, ezta bizitzea ere, bere galera mingarrian. Beraz, esan daiteke artelan hau neurtezinaren erretratua dela.

Egia esan, neurtezintasun-espazio hori baliokidetasunik gabeko unea da, aurrekoekin ditugun loturak ahulak direla agerian uzten duen heinean, gure bizipenetan etenaldi komunikaezinez egituratzen baitira. Benjaminek ulertu zuen lotura horiek botere handia zutela etorkizun hobea eraikitzeko. Baina bere hauskortasuna dela eta, nola lor daiteke botere hori?

2-Botere mesianiko ahula (Walter Benjaminen  Bigarren Tesia)

Walter Benjaminek Historiaren Bigarren tesian aipatzen du zoriontasuna jendearen nahiei eta beharrei hemen eta orain ematen zaien erantzuna dela; hau da, haren aburuz ez da etorkizunera begiratu behar, baizik eta orainak du garrantzia, oraina ulertu eta eraldatzeak batez ere. Historiaren filosofia modernoek, oro har, “gero”-aren indarrarekin edo “ongi”-aren jabetzarekin obsesionatuta, etorkizuna edo osotasuna oraingo ezbeharrik handienen printzipio legitimatzaile bihurtzen dute. Baina etorkizuna ez da existitzen, zaila da haren ideia egitea, baldin eta orainaren luzapentzat hartzen ez bada. Benjaminen iritziz, orainaldi hori ulertu eta eraldatu egin behar da, eta, horretarako, bi eratako orainaldia (itxuraz aurkakoak) dagoela uste du. Lehenengoa, emandakoa (izatera iritsi dena), benetako historia da. Bigarrena, izan nahi izan zuena, izan zitekeena bainan alferrik galdu egin zena, eta azkenean aukera gisa baino agertzen ez dena. Halarik ere, bi orainaldi mota horiek badute zerbait komunean: zoriona, lehenengoan “in actu” dagoena, bigarrenean “in potentia”.

Orainaldi faktikoa jada gertatu den iraganaren semea da. Benjamini bigarren orainaldia interesatzen zaio, “izan zitekeena” eta, zoritxarrez, gauzatu ezin izan zena. Orainaldi honek iraganari buruz hitz egiten du, zeinaren oraina “gauzagarria” izan baitzen, hori gauzatu izan balitz, gaur egungo orainaldia pentsaezin bihurtuko zatekeena. Nolanahi ere, orainaldi “posible” baten existentzia onartu ondoren, zeinaren islapen historikoa ez baitzen lortu, logikoa da zapuztutako historia horri izateko eta gauzatzeko eskubidea aitortzea. Beste era batera esanda, zoriontsu eta berrerosia izateko eskubidea. Erredentzio (berrerospen) hitza, eskuarki, salbazio, askapen, erreskate, berreskuratze, errekonkista, manumisio bezala ulertzen da. Testuinguru honetan Benjaminek esanahi zehatzagoa eman nahi dio hitzari, hain zuzen ere, gizarte frustratuaren (behartsuen, menderatuen, garaituen) zoriontasunerako eskubidea aitortzea.

Oraina, beraz, amortizatu gabeko iragana da, ahalgarri gisa presente dagoena, bere porrotetik askatzen (berrerosten) bada soilik presente izan daitekeena. Horrela, historia egiten da soilik orainak iraganaren berrerospen gisa jokatzen duenean. Orainaren eta iraganaren arteko konplizitate bitxi horri esker, Benjaminek “mundu honetara jaio garenean aurreko belaunaldiek aurrez espero izan gaituzte” esan dezake: aiton-amonen belaunaldiak uste eta espero du bilobenak kontuan hartuko dituela ahaztuak izango ez diren haien eskubideak. Benjaminek zehatz-mehatz dio aurreko belaunaldiekiko erantzukizuna dugula. Ez dago argi bilobek euren aitona-amonek galdutako kausak berrerosiko (askatuko) dituzten, baina beti egin ahal izango dute zerbait haien alde. Hau da, hurrengo belaunaldiak botere mesianiko “ahula” du aurrekoaren gainean, bai, zalantzarik gabe ahula da, baina baita berreroslea ere. Iraganarekiko botere mesianiko hori erabili egin behar dugu, bestela gu geu izateari utziko diogulako. Indar horren mesianismoa iraganeko oihartzun batetik dator: aitona-amona umiliatuek justizia egitea espero dute. Oroimenak, belaunaldiz belaunaldi, iraganeko bidegabekeriaren kontzientzia bizirik mantentzea eta justizia egiteko beharra ezartzea lor dezake.

Aurreko belaunaldien eta oraingoaren arteko lotura sekretu hori, eta iraganak eskubidea duen botere mesianiko ahula, Benjaminen Bigarren Tesiaren kontzeptu giltzarriak dira. “Iraganean itxaropenaren txinparta” eramatean, “Botere mesianiko ahul hori” partekatzen da, eta, ondorioz, injustizia eta basakeriaren historia aitortzea eta adiskidetzea dator, Benjaminek “zapalduen tradizioa” bezala deskribatzen duena. Etorkizun hobea eta justua eraikitzeko borroka bultzatzen duen “botere mesianiko ahul” hori partekatzen saiatzen garenean, haustura neurtezin bat sortzen da, askotan iraganeko bidegabekerien esperientzia guztiz partekatzea eragozten duena. Horixe gertatzen zaio Yamashirori bere lanean. Baina oraingo belaunaldiaren betebeharra da aurreko belaunaldien itxaropenak bizirik mantentzea, “hildakoak ere ez baitira etsaiarengandik salbu egongo azken honek irabazten badu; eta etsai hori beti atera da garaile”. Horixe da Okinawa eta Japoniako historia modernoan gertatzen dena; izan ere, azken urteotan, nazionalismo militarraren berpizte batek bultzatu du Japoniako gobernu zentrala bigarren hezkuntzako testuliburuak berrikustera, Okinawako guduaren eta Okinawaren kolonizazioaren ankerkeriei buruzko aipamen guztiak ezabatzeko.

Benjamin, justizia egitea espero duten aurreko belaunaldietako aitona-amona umiliatuez ari da, historian zehar zapalduen tradizioari buruzko hitzaldi baten barruan. Beraz, “Etsai hau” mundu osoan menderatu eta hustiatu duen boterearen esentziatzat hartu behar da, historian zehar forma asko hartu dituena, besteak beste, aristokrazia eta nekazarien, esklabo eta esklabisten, kolonizatu eta kolonizatzaileen, konkistatu eta konkistatzaileen, burgesia eta langileriaren, polizia eta herri xumearen arteko borrokak.

Okinawaren iraganak, gainjarritako borroka hauetako asko ditu, beraz, Yamashiroren interpretazioa, Okinawako gudutik bizirik atera zirenen eta gaur egungo Okinawako biztanleen arteko loturari buruzkoa, berez, iraganaren eta orainaren artean doan “itxaropen txinparta” iraultzailea aktibatu eta indartzeko ariketa bat da.

3-Etorkizunerako itxaropena

Pentsamendu hauen harira, ondo dator Okinawako egungo egoerari buruzko azken hausnarketa egitea. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Japonia errenditu izanak, Okinawa Japoniaren eta AEBetako armadaren kolonia partekatua izateari hasiera eman zion. Estatubatuarrek Okinawako lur eremu handiak bereganatu zituzten instalazio militar zabalak eraikitzeko. Japoniarren subiranotasunaren itzulera negoziatzean, gobernu japoniarra, Okinawatik AEBko armadaren alde bakarreko kontrolera joatearekin konformatu zen, 1972ra arte jarraitu zuena. Gaur egun, Okinawa prefekturak Japonian dagoen presentzia militar estatubatuarraren bi heren hartzen ditu, nahiz eta Japoniako lurrazalaren % 1 baino gutxiago izan. Guztira, 30 base inguruk hartzen dute Okinawa lurraldearen laurdena.

Japoniak militarizazio luzearen eta inbertsio eskasaren ondorioz, Okinawa Japoniako 47 prefekturetatik pobreena da, batez besteko diru-sarrera txikienarekin eta langabezia mailarik altuenak baititu. Okinawako herriak badaki japoniar jatorriko uharteei Estatu Batuen eta Japoniaren arteko segurtasun aliantzaren kostu sozialak kanporatzea ahalbidetzen dieten sakrifizio bildotsak direla. Bestalde, Ozeano Barean gerra handi bat gertatuko balitz, uharteak eta euren bizitzak hondamendi gatazka baten buru izango liratekeela ere badakite. Okinawan zegoen nahigabe gero eta handiagoari erantzunez, 2012an Estatu Batuek eta Japoniak estatubatuarren presentzia militarra murriztea eta hiriguneetatik kanpo birkokatzea adostu zuten. Halarik ere, okinawatar asko base militar berriak eraikitzearen aurka irmo agertu ziren. Japoniako agintariak, Okinawako biztanleek potentzia handiek helarazi zieten konpromisoa esker onez onartzeari uko egin ziotelako harrituta, zapalkuntza kanpaina sistematiko batean murgildu ziren, manifestari baketsuen aurkako indarkeria iraunkorra eta buruzagien atxiloketa arbitrarioak ekarri zituena.

Bestalde, gaur egun Okinawan gertatzen ari dena da kultura-talde pribilegiatu batek (Japonia) kultura-talde baten (Okinawa) tradizioak edo praktikak usurpatzen ditu, harreman historiko kolonialean edo ia kolonialean taldeen artean gertatzen den bezala. Zaila da ukatzea Japoniak Okinawako kultura onartu izana kultura-jabetzearen adibide argia dela. “Okinawako boomak”, Japoniako herri-komunikabideetan, herritarren irudimena intoxikatzen du, Okinawa betidanik japoniarra izan delako ideia txertatuz, baita Japoniako nazioarekin izan duen harremana beti bikaina izan delako faltsukeria ere. Eta Japoniako komunikabideetan ematen diren informazio horiek sarritan kontraesanean daude Okinawa herriarenekin, bere literaturan, mugimendu politikoetan, eta Japoniako gobernuaren eta AEBetako armadaren interes konbinatuen aurkako erronka ausartan islatzen den bezala. Beste era batera esanda, Japoniako komunikabideek Okinawaren istorio bat kontatzen dute, Japoniari entzutea gustatzen zaiona, kontatzeko behar duen histioriaren ordez.

Bereziki esanguratsua da Okinawak nazio subirano bezala zituen erregistro gehienak gerran suntsituak izan zirela, soldadu estatubatuar eta japoniarrek Okinawako Errege Artxiboak erre zituztenean. Beraz, Okinawaren historia japoniar ordena kolonialak, gerrak eta okupazio indar estatubatuarrek suntsitu zuten bitartean, Yamashirok perfomance erabiltzen du Benjaminen “historia arrabotaz ilez kontra leuntzen” gomendio tematua gauzatzeko, irabazlearen kontakizunean agertzen ez diren basakeria eta zapalkuntza agerian uzteko azken helburuarekin. Yamashiroren lanak historiatik duen herentzia taularatzen du, baita bere esperientziak eta galerak partekatzeko edo ulertzeko duen ezintasuna nabarmentzen duenean ere (bere izaera neurtezina dela eta). Baina, haustura komunikaezina izan arren, Yamashirok bere lotura mantentzen du eta, hori egitean, etorkizun hobe baten bere ikuspegi mesianiko eta iraultzailera iristea lortzen du. Horregatik, agureak etorkizun hobe baterako itxaropena artikulatzen duenean, bere ahotsak bat egiten du Yamashirorenarekin, partekatutako ikuspegi horren boterea komunikatuz. Filmaren azken uneetan, Yamashirok eta bizirik dirauen agureak ez dituzte jada beren ahotsak erabiltzen, orain egungo belaunalditik iraganera iristen den ahots kolektibo eta iraultzaile horrekin hitz egiten dute. Mundu berri eta hobeak iragartzeko botere mesianikoa duen ahots bat da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s