Zirkasiaren arazo nazionala

“Zirkasiar” etnonimoa eta “Zirkasia” toponimoa jada agertzen dira XIII. mendeko armeniar, georgiar, arabiar, pertsiar, turkiar eta beste iturri historikoetan. “Zirkasiar” etnonimoa arrunta bihurtu zen XV. mendetik XIX. mendera bitarteko Europako eta Errusiako iturrietan. Aldi berean, tokiko biztanleriak bere burua Adyghe izenarekin deitzen zuen, itxuraz, zenbait talde etnopolitiko identifikatzeko erabiltzen ziren tokiko izenak agertzen ziren arren: Natukhai, Abadzekh, Zhane, Kabarday eta beste batzuk. Hala ere, desberdintasun sozial, kultural eta linguistiko batzuk dauden arren, ikuspuntu historiko eta etnografikotik, herri zirkasiar bakarra da (Adyghe).

XIX-XX. mendeetako gertaera historiko tragikoek, Kaukasoko Gerraren hondamendiek, zirkasiarren zati esanguratsu bat Otomandar Inperiora derrigorrean deportatzeak, tsar eta sobietar gobernuak burututako aldaketa administratiboek, zirkasiar herriaren lurraldeka banatutako lau talde eratzera eraman zuten (Errusiako Federazioaren barnean), izendapen etnografiko desberdinak dituztenak (Shapsugdar, Adighear, Zirkasiar, Kabardiar). Ubykharrak (gaur egun herri bezala ia desagertua), XIX. mendearen erdialdera arte Sochi eta Shakhe ibaien goialdean bizi izan zirenak, errusiarrek suntsitu zituzten. Bizirik iraun zutenak Otomandar Inperiora deportatuak izan ziren oso-osorik. Ubykharren egungo ondorengo urriek zirkasiar tradizio kulturalak (Adyghe) partekatzen dituzte eta hauekin identifikatzen dira.

Nahiko berria den lurralde-banaketak ez du talde horien komunitate kulturalaren memoria historikoa galtzea ekarri. Ikerketa modernoak Shapsugdar, Adyghear, Zirkasiar eta Kabardiarren identitate etnikoa eta kultura tradizionalaren ezaugarri nagusiak komunak direla erakusten du. Honek, izendatutako taldeak, baten azpibethnotzat har daitezkeela adierazten du: zirkasiar herria (Adyghe). Honek, izendatutako taldeak, nagusi baten sub-ethnos bezala hartu behar direla adierazten du, hau da, zirkasiar herriarena (Adyghe).

I-Esparru geografikoa eta aurrekari historikoak

Zirkasia kaukasiar eskualde historiko bat da, Kaukaso mendilerroaren iparraldeko isurialdean kokatua, Mendebaldean Itsaso Beltza, Ekialdean Kaspiar Itsasoa, eta Iparraldean Terek eta Kuban ibaiak mugakide dituelarik. Zirkasiarrak, bere jaioterrian antzinatik bizi izan zirenak, estatu askoren parte izan ziren (erromatar, eszitiar, turkiar, sármatar) goi-mailako autonomia atxikituz. Populazioa Itsaso Beltzeko ekialdeko itsas-ertzean (Anapa, Sochi eta Tuapse portuetan) bizi izan zen, merkataritza bere bizimodu nagusia zelarik. Ondorioz, inguruko turkiar herriekin harreman anitz eta estuak ezarri zituzten: Krimeako tatariarrekin, Karachaitarrekin, Nogaiekin baita Kaukasoko turkiar migrazio handiko beste herri batzuekin ere. Halaber, Zirkasiarrak Egiptoko “mamluk” deituriko esklaboen ernamuina izan ziren, azkenik hauek erregea bota eta haren ordez esklaboen Estado propioa (berezkoa) sortu zutenak (munduan izan den Estadu esklaborik bakarrena), Mamlukiar Sultanerria bezala ezagutzen dena. Hurbiltasun geografikoaren lotura hauek otomandarren menpeko esparruan pixkanaka sartzea ondorioztatu zuten, baita askori islamiar federa bihurtzea ere. Halaz guztiz, harreman mota hau amaitu egin zen, Zirkasia geografikoki bi Inperio lehiakide ahaltsu eta bizkorren artean  (otomandar musulmanak eta errusiar kristauak) kokatuta zegoelako. Azkenik, bi auzokide ahaldun hauek ahaleginak egin zituzten haren lurraldeaz jabetzeko, eta orduan zirkasiarrei gelditzen zitzaien potere apurra pikutara joana zen betirako.

II-Errusiar Inperioaren hedapena Kaukason: konkista eta genozidioa

Krimeako Khanerriak, Otomandar Inperioaren subirautzapean, formalki, XV. mendearen erdialdetik Ipar Kaukasoko zatirik handiena hartzen zuen. 1768-1774ko errusiar-turkiar gerrak, hedapen errusiarraren hasiera markatu zuen Kaukason, eta Krimeako khanerriaren porrota ekarri zuen. Küçük Kaynarcako Itunak (1774), Errusiari Kabardia Handia eman zion, eta Krimeako Kanatoaren gainontzeko lurraldea, Ziskubaneko estepak barne, errusiar eragin eremuan jarri zuen.

1783tik 1821era, Kuban ibaiak, errusiar-turkiar eta errusiar-zirkasiar muga bat izaten jarraitu zuen. Egoera erabat aldatu zen 1828-29ko Errusiar-Turkia gerraren ondoren, Adrianopoliseko Itunak (1929-9-14) georgiar estatuen gaineko errusiar subiranotasuna berretsi ez ezik, Potitik Tamaneraino Itsaso Beltzaren ekialdeko kostaldea ere eman zionean. Turkia otomandarrak ere alde batera utzi zituen Zirkassiari buruzko bere eskaera guztiak, orain itsasorako irteerarik ez duena. Handik gutxira, Errusia inperialeko gobernuak, zirkasiar lurrak erabat xurgatzeko ez ezik, bertako biztanleak desagerrarazteko ere programa abiarazi zuen. 1840-41ean, Itsaso Beltzeko kostaldea birkonkistatzeko saiakera zirkasiar huts baten ondoren, errusiar-zirkasiar muga ez ofiziala Kuban ibaitik Laba ibairaino indarrez eramana izan zen. Zirkasia Transkubanaren likidazioaren azken etapa 1853-64an gertatu zen, zirkasiarrek, tsarrarekin konpromiso bat aurkitzeko ahalegin etsiak egin ondoren, Imam Shamilek ipar-ekialdeko Kaukason jaurtitako Jihadekin bat egin zutenean. 1861ean, Transkuban eta Abazako zirkasiarrak, estatu zirkasiar batu bat sortzen eta atzerritarren laguntza eta errekonozimendua lortzen saiatu ziren. Hala ere, saiakera honek porrot egin zuen, eta, zirkasiarren etsipenezko erresistentzia gorabehera, Laba eta Itsaso Beltzaren arteko lurraldea, errusiar tropa inperialek eta kosakoek konkistatu zuten 1864ko maiatzaren amaieran.

Errusiarrek 1763an Zirkasian maila handiko inbasio bat hasi zuten. Eta 1763tik 1864rako bitarte horretan (101 urtetako iraupena), zirkasiarrek aurre egin zioten errusiar gudarosteari gerrilla taktika zabalduz. Errusiar buruzagi militarrak, beraiek abian jarririko taktikak arrakasta ez zuela eta zirkasiarren erresistentzia hedatuz zihoala ikusirik, beren onetik atera eta erotu ziren. Zirkasiarrek 1869an  independentzia aldarrikatu zuten, eta beren bandera nazionala (12 izarrez eta gurutzatutako urrezko 3 geziaz atzekalde berde batean egina) independentziaren ikur gisa hartu zuten. Errusiarrek ez zekiten gerra luze honi amaiera nola eman, eta estrategia berri bat garatu zuten etsiturik: herrixkak erasotzen, sarraskiak eta bahiketak egiten eta, aldi berean, nekazariek bizirauteko behar zituzten abereak eta zekale uztak suntsitzen. Bainan zirkasiarrek beren erresistentzia etsituari gogorki eutsi zioten. Milyutin errusiar jeneralak erresistentzia luzeko gerra hau  estatu arazoa zela zeritzon, “premia publiko”-tzat hartu beharreko arazo larria alegia, eta ondorioz  honi nolabait behin betiko irtenbide bat eman behar zitzaion. Milyutinek proposatzen zuen ebazpen ankerra, hots zirkasiar biztanleria osoa bere jaioterritik kanporatzea eta herbesteratzea, ez zen zulodun zakuan gorderik gelditu. Milyutinen idei-hazi hori lur onean erori zen, ekimenaren ernemuina. Hortik gutxira Alexander II tsarrek Milyutinen egitasmoak onartu zituen, bai eta 1861ean Gerrako ministro izendatu ere.

1864ko martxoaren 6tik maiatzaren 21rako bitarte horretan (75 egunetan), ia biztanleria osoa, 3 milioi pertsona inguru (zirkasiarren % 90), erbesteratu zuten. Gerrak eta erbesteak ia nazio osoa suntsitu zuten. Beraz, zirkasiarrak aberrigabeko lehenengo herria izaten Historia Modernoan sartu ziren, eta orain mundu osoan zehar bere deserriratze tragikoaren oroitzapen eguna maiatzaren 21an ospatzen dute. Musulman izateak berak Otomandar Inperioranzko bidea hartzea bultzatu zuen, eta abian jarri zen éxodo masivo horrek (ehunka mila pertsona hil ziren erbesteretze horretan), azaltzen du gaur egun diasporan sakabanatuak diren zirkasiar komunitateak Turkian, Sirian, Jordanean, Libanon edo Israelen. XIXgarren mendearen amaieran zirkasiar biztanleriaren % 10-a bakarrik izan zen bere jaioterrian bizitzen gelditu zena.

Zirkasia Transkubanaren konkistaren eta Kaukasoko gerren amaiera ofizialaren ondoren, zirkasiar lurrak hiru unitate administratibotan banatu ziren: Kuban lurraldea, Terek lurraldea eta Itsaso Beltzeko probintzia. Errusiar eta Sobietar gidaritza hertsiaren pean, kosakoak eta beste eslaviar herriak iritsi ziren zirkasiar lurralde historikoetara. Honekin batera, bere jaioterrian gelditutako zirkasiarren arteko banaketa etniko eta tribalak bultzatuz eta sustatuz, lehen herri batu bat zena orain tribuetan bereizia bihurtuta, leinu bakoitza izendatzeko zenbait izen ezberdinak  (Adyghe, Txerkes, Kabardin, Shapsug) sortu zituztelarik. Halarik ere, garaiz eta gogorki erreakzionatzen jakin izan dute eta bere nazioa islatzeko eta identitatea gogora ekartzeko, Errusiako erroldetako “Adighe” zirkasiar izenarekin deitzen eta agertzen dira. Halaber, diasporaren gehiengoak “zirkasiar” izena emateko joera du.

IIIIndependentzia berreskuratzea (1918-1921)

1917ko iraultza komunistak iparraldeko kaukasiarrei beren independentzia lortzeko aukera eman zien, eta hauek gartsuki eta ausartsuki aurrera jo zuten. 1917an Ipar Kaukasoko Errepublika berria Errusiatik bereizita gelditu zen. Baina Boltxebikeek eta Denikinen Armada Zuriak ez zuten independentzia aldarrikapen hori onartu eta Errepublika berriari gerra deklaratu zioten. Errepublikak 1918ko maiatzaren 11n bere independentzia ofizialki aldarrikatu zuen eta berehala Turkiarekin adostutako itun bat sinatu zuen. Geroago, botere zentralen (Alemania, Austria-Hungaria eta Turkia) aitorpenak etorriko ziren, bai eta Britainia Handia, Georgia, Azerbaijan eta Kuban Errepublikenak ere. Halarik ere, 1919an Kabardian, Osetian, Txetxenian eta Dagestanen gauzaturiko mugimendu independentistaren barneko fakzio erlijioso batek Ipar Kaukasoko Emirerria estado independiente gisa deklaratu zuen Errusiako boltxebikeen alde posizionatuz. Bestalde, boltxebikeek Emirerriaren “de facto gobernua” aitortu eta autonomia osoa hitzeman zuten.  1921ean Armada Gorriak Errepublika hartu zuen eta Gobernuak Kaukaso utzi behar izan zuen. Boltxebikeek beren promesak hautsi, hitza bete ez, eta handik gutxira Emirerria indargabeturik desagertu zen.

Gertaera hauen garapenak ikuspegi historikoarekin azterturiko hausnarketa egitera mugiarazten digu:

1-Iraultza komunistaren garaiak kaukasiarrei independentzia lortzeko aukera ezin hobea eta egokia eskaini zien. Bai Ipar Kaukasoko Errepublika iragankorrak, bai Emirerriak biztanleriaren gehiengoa beren banderaren azpian elkartu ahal izan zuten. Halaber, kaukasiar herriak, errotik gobernu tsaristaz nekaturik eta nazkaturik, beren askatasun ametsak egia bilaka liezaizkiekeen errepublika independente baten alde irrikatzen zeuden.

2-Nahiz eta gorriek eta zuriek elkarren arteko ekintza hilgarriak eragin, bi aldeek bat egin zuten Kaukasoko independentzia eta askatasuna suntsitzeko asmoarekin. Armada Gorriak erresistentzia zuria zapaldu zuenean, Ipar Kaukasoko Errepublika bortizki hondatu eta suntsitu zuen (armada zuriak gerra irabazi balu, gauza bera gertatuko litzateke).

3-Iparraldeko kaukasiarrak askatasunaren bila aritzen direnetan, bere batasuna kaltetuko duten fakzio baten alde jartzen badira, azkenean kinka horietatik gogorki zigortuak ateratzen dira. Jarduera honen paradigma bera errepikatuko da SESBren desegituraketaren garaian: Yeltsin eta Rutskoy bere presidenteordea, elkarren arteko etsai mingots eta amorratuak, Txetxeniaren independentziaren aurka batera kokatu ziren. Historia etengabeki errepikatzen da, ezbairik gabe.

IV-Errusia sobietar eta postsobierraren menpe

Stalinen garaian zirkasiar lurrak mail desberdinetako administrazio unitate txikitan (oblast, kraig eta errepublika autonomoetan) banatuak izan ziren. Garai hartako errusiar historialariek Kaukasoko gerra garaian Zirkasian gertatutakoak bere erara eta gustora moldatu zituzten, haiei borondatezko atxikimendu eta ez inbasioaren profila emanez. Gauzak horrela, “borondatezko sarrera”, “borondatezko atxikimendu” edo “borondatezko amore-emate” deiturikoak Kabardino-Balkarian lehenengo aldiz handikiro ospatuak izan ziren; bai eta “herrien arteko adiskidetasuna”, “Kaukasoko menditarren ehun urtetako nahia Errusia aurrerakoi eta batuan atxikitzeko” eredu gisa plazaratuak eta goraipatuak ere. Antzeko ospakizunak ezarri ziren Ipar Osetian eta Txetxenian ere (hau 1859an Errusiak konkistatua, Shamil Imanaren aurkako 25 urteko gerraren ondoren), zeina 1920ko hamarkadan, eta Sobietar boterea finkatu  arte, etengabeko matxinada batean murgilduta baitzegoen. Kabardino-Balkariako elite politikoarentzat “borondatezko sarrera edo amore emate” deituriko hori Errusiarekiko “fede ikur” moduko bat zen, mantra bilakatua. Errepublikako elite politikoarentzat mantra hau errepikatzea beharrezkoa da zentro federalari dion debozioa frogatzeko, trukean, errusiar aurrekontu federalaren zati bat jasoko dutelakoan. Horregatik, jarrera ofizial hori kontraesanean jartzen duen edozein ideia, nahiz eta gertakari historikoetan oinarritua egon, boterean daudenen aurkako mehatxu pertsonala kontsiteratuta izango da eta ondorioz zapuztuta eta arbuiatuta.

Gaurko Zirkasia hiru Errepubliketan (Adygea, Karachay-Cherkesia, Kabardino-Balkaria) eta bi Kraietan (Krasnodor, Stavropol) banatua

Sobiet Batasun desegin ondoren zirkasiarrek bizi zituzten lurrak hiru errepubliketan banatuak gelditu ziren (Kabardino-Balkaria, Adygeya eta Karachaevo-Cherkessia). Halarik ere, hantxe bertan bizi diren zirkasiarrak elkarrengandik bereiziak eta bananduak daude, zirkasiar ez diren komunitate handiak, batez ere errusiarrak, tartean dituztelarik. Beste ziskasiar talde txikiago batzuk Ipar Osetian, eta Stavropol- Krasnodarreko kraietan bizi dira. Baina zatiketa politiko hau gorabehera, haiek guztiek uste dute nazio batu eta bakarraren parte direla.

Une horietan (1992an), Yeltsinen agintaldiko liberalizazio politiko eta ekonomikoa gauzatzen saiatzen zirenean preseski, Kaukasoko gerran izandako ziskasiar biktimen oroimenean maiatzaren 21a dolu nazionalaren eguna aitortu zuten. Gai honi buruz zirkasiar mugimendu abertzalearen buruzagien eta aktibisten arteko desadostasunik ez zen izan. 1992an Kabardino-Balkariako gobernua izan zen lehena Kaukasoko gerran eginiko txikizio eta genozidioa aitortzeko dekretu bat argitaratu zuena. Jarraian Ipar Kaukasoko hiru errepubliketako (Adygea, Karachay-Cherkessia eta Kabardino-Balkaria) politiko garrantzitsuen eta entzutetsuenek aitortza sinatu zuten eta zigilu ofizialaz jasota dago erregistroan gorderik. Zoritzarrez, gaur egun, eskualde horietako agintariek ez dute gogoratzen duela 27 urte lortutakoa, ahaztuarena egiten dute, baita ahantziarazten saiatzen ere.

Maiatzaren 21a, Dolu Nazionalaren Eguna (2015-5-21). Nalchik, Kabardia-Balkariako hiriburua.

VZirkasiar arazoari buruzko 1990eko hamarkadako gertakarien analisia

Gaur egungo zirkasiar munduaren errealitatea, beraz, ekitaldi geopolitiko handien erdian eratu da, hala nola Errusiar eta Otomandar Inperioen arteko etengabeko liskarrak XVIII. eta XIX. mendeetan garatuak, Iraultza Boltxebikea, Otomandar Inperioaren erorketa, Bigarren Mundu Gerra eta Ekialde Hurbileko gatazka, besteak beste. 1990eko hamarkadaren hasieran, zirkasiarrek hiru arazo geopolitiko nagusi zituzten ebazteko.

1-Lehenik eta behin, beren mundua batzea zen lurralde historikoetako estatu egituren garapenarekin. SESBen suntsiketak, Errusiako Federazioan hiru zirkasiar errepublikak (Kabardino-Balkaria, Adygeya eta Karachaevo-Cherkessia) sartzearekin batera, zirkasiar estatua eraikitzeko prozesua bizkortu egin zuen ikaragarri. Errepublika bakoitzak bere lehendakari, gobernu, parlamentu eta konstituzioa izendatu zituen, zirkasiar hizkuntza hiru errepubliketako hizkuntza ofiziala bihurtu zelarik. Areago, errepublika horien lehen konstituzioak lege federalekin topo egin eta gatazkan sartu ziren, interes etno-politikoetan oinarritzen zirelako. Hala nola Adygeyan gertaturikoa: nortasun nazionala hain barneko, sentikor eta nagusi zen, non Parlamentuari “Khasa” berrizendatu izan baitzaion (usadio zaharrei jarraikiz) eta, bide batez, zirkasiar ikur zaharra Errepublikaren ikur ofiziala bihurtuz. Gainera, zirkasiarren batasuna lortzeko hartu eta bultzaturiko pausoak printzipio etniko eta linguistikoen araberako oinarrituak izan ziren, Kabardino-Balkaria, Adygeya eta Karachevo-Cherkessia Errepubliken elkarren arteko loturak sendotzeko asmoz; 1992an, hiru Errepublikek “Adiskidetasun eta Elkartasunaren Hitzarmena” sinatu zuten; eta 1997an hiru Errepubliketako Parlamentuenarteko Batzordearen sorrerakin batasunaranzko bidean orain arte izandako erdiespenik esanguratsuenetakoa dela esan daiteke.

Kaukasoko Iparmendebalean hitz egiten diren kaukasoar familitako hizkuntzak: abkhazera, adyhgera, kabardera eta ubykhera

Bestalde, georgiar-abkhaziarren arteko gerrak (1992-1993k) ziskasiar nazio-identitatea bultzatu eta berretsi zuen, Abkhazia bere munduaren zati dela uste baitute (abkhazera hizkuntza abkhaziar-zirkasiar hizkuntzen beste adar batekoa da). Arrazoi honengatik, Errusiako zirkasiarrek gerrari gogorki eta modu dinamikoan erantzun zioten protesta ugari antolatzen, errepide federalak mozten, emakumeen batzordeak eratzen, kazetariek artikuluak idazten, etab. Nalchik hiriko (Kabardino-Balkariako hiriburua)  erregimenduaren 1500 boluntario baino gehiagok parte hartu zuten gerraldian, eta 1993ko irailaren 27an preseski Sukhum-go estatu georgiarra harrapatu eta atzitu zuten, zirkasiar bandera gobernuaren eraikinaren gainean altxatuz. Zirkasiar diasporak burutu zuen lana oso eraginkorra izan zen gerraren lehenengo egunetan batez ere, bilerak antolatzen, gobernuei deialdiak egiten (Turkia, Siria, Jordania) eta laguntza humanitarioa bidaltzen. Abkhaziak bere enbaxadorea izango du berehala Nalchik-en. Gerra zibilaren ondoren, zirkasiar munduak ere jarraitu zuen Abkhazia laguntzen eta, ondorioz, mundu osoan zehar hedatutako ordezkaritza guztiak 2008ko abuztuan Sukhumen bildu ziren Errusiak Abkhaziaren independentzia aitorpena ospatzeko.

2-Ebatzi beharreko bigarren arazoa diasporan sakabanaturiko erbesteratuen aberriratzea izan zen (Turkian-3.000.000, Sirian-80.000, Jordanian-65.000, Israelen-3.595, Estatu Batuetan-9.000, Alemanian-40.000, Herbeheretan-500). 1990ko hamarkadaren hasiera arte Kaukasora itzulteko aukerarik ez zuten izan. 1993an, 3.000 zirkasiarrak Nalchikera itzuli ziren eta beste 1.000 Maykopera. Baina errealitate postsobietarrek, 1994an Txetxenian gerra hasi ondorengo Kaukasoko ezegonkortasunak, eta aldi baterako bizilekua eta errusiar hiritartasuna lortzeko prozesu konplexuak aberriratze hori moteldu zuten.

3-Hirugarrena eta funtsezko arazoa dena: Errusiak buruturiko herri zirkasiarren kontrako genozidioa ez du aitortzen. Beraz, esan daiteke arazo honen zailtasun handiena Kremlinen aldetik triskantza honen existentziaz onarpenik ezean datzala. Jakina, Errusiari horren baiestapenak zekarzkiokeen ondorioak oso onargaitzak izango ziren eta. Batetik, Ipar Kaukasoko oreka etnikoa aldatuko lukeelako, diasporaren 5 milioi horietako ziskasiar asko beren etxeetara itzul daitezela aukera emanez. Eta bestetik, ez da ahaztu behar,  beste leku askotan ere Errusiako politika inperialak eragindako ondorio desiraezinei buruzko galdera gehiago sortuko lituzkeelako. Beraz, Errusiak ez du onartzen Zirkasian konkista eta garbiketa etnikoa egon zenik; halaber, gezurtatu egiten du errotik genozidioa izan zenik; ezeztatzen du indar militarra, gosea eta gaixotasuna erabili izana ziskasiar biztanleriaren gehiengoa (% 90en) bere jaioterritik botatzeko. Behin eta berriz gogaitu arte errepikatuz lelo bera: “historiaren faltsutzaileen” kontra borroka egitea erabaki duela. Moskuk bere historiaren interpretazioak hartzen ditu “egiazkotzat” soilik, gainerakoenak “faltsuak” dira, nola ez. Errusiako historiografiak konkistak izan zirela ukatzen du, eta bai baieztatzen errusiarrak Ziskasiara joan zirela zirkasiarren basakeriaren egoeratik ateratzeko eta erreskatatzeko xedetan. Beraz, Errusiako jarduera Ziskasian bertako jendearentzat guztiz onuragarria eta zibilizatzailea izan zen, eta konkistatutako eremuei zegokienez, behin eta berriz errepikatuz gauza bera, “bere borondatez Errusiarekin bat eginik” elkartu eta batu zirela aipatzen duelarik.

Baina zirkasiarren arteko iritzi orokortuak Errusiak eginiko bertsio “zuzena” hondeatzen eta indargabetzen du. Zirkasiarrek jakin badakite beren lurraldeak Errusiak konkistatu zituela eta nazioa errotik hondatu zuela; konsziente eta jakitun dira bere historiaz, eta autokontzientzia honek Errusiako estatu propagandaren mugak erakusten ditu. Zirkasiar mugimendua oso aktiboa izan da 1990az geroztik, ideologia argia garatu eta ahalegin adierazgarriak egin ditu bere hiru helburu estrategikoak lortzeko. Kabardino-Balkaria (1992), Adygea (1996), Abkhazia (1997) eta Georgia (2011) Errepubliketako parlamentuek genozidioa aitortu dute. Genozidioaren aitortza eta onarpenaren erreibindikazioak biziagotu ziren Sochin (2014an) ospatutako Neguko Joko Olinpikoekin, tragediaren pasarte txarrenetako bat gertatu zen leku zehatzean hain zuzen. Sochi 1864ra arte Zirkasia independentearen azken hiriburua izan zen, gerraren azken borroketako lekua, zirkasiar gehienak Otomandar Inperiora erbesteratuak izango zirenetik portua.

Errusiarentzat Sochiko Joko Olimpikoen ospakizunaren helburu nagusia  genozidioak sorturiko gerraren aztarna guztiei amaiera eman, eta bide batez bere ukapen historikoaren berrespen kategorikoa lortzea zen. Estatu imperialistek herri ahul eta txikiekiko erabiltzen dituzten jokabide ankerrak izkutatzeko eta zuritzeko, sekulako propaganda egiten dute etorkizunari begira ekitaldirik handienak maltzurki antolatuz. Horra gure begien aurrean antzeko zerbait gertatutakoa, duela gutxi Israelen Italiako Giroaren lehen hiru etapak ospatu izana. Eta Nakbaren 71. urteurrenean Israelek bere irudia nazioarteko komunitatearen aurrean garbitzeko, gizarte palestinarraren kontrako krimenak eta gehiegizkokeriak normaltzeko saiakera garbian Eurovision Jaialdia lotsagabeki antolatzen. Israelek Gazan dituen krimenen gaurkotasuna guztiz jasanezina da, eta ez dute ezertarako balio kamuflaje eta propaganda operazioek izugarrikeria hori zuritzeko.

VIEgungo egoera eta aurreikuspenak

Zirkasiarren aberriratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, baina beranduago moteldu eta gelditu zen. Gaur egun nahiz eta murrizketak egon, bisado sistemaren arrazionalizatze eta bizkortzeak (oraintsu Errusiaren eta Turkiaren arteko bisarik gabeko hitzarmena ezarria) bere aberria bisitatzea baimentzen die diasporaren zirkasiar kide askori. Baina Sirian diasporak babesgabetasun egoera berezia bizitzen du, gerraren oldarrak ankerki jasaten ari delako. Egoera etsigarri honek eraginda protesta manifestazioak areagotzen eta ugaritzen ari dira; zirkasiarrek Errusiari eskatzen diote Kremlinek diasporarekiko daraman joera aldatzea, horrela beren jaioterrirako itzulera erraztuko eta arinduko delakoan, baina zail da hori gertatzea errusiar interesen aurka doalako.

Halaber, zirkasiar lurralde zatiketaren arazoari ekin diote, Kabarda, Adygea eta Cherkessia, Kaukasoko Errepublika batean elkartzeko xedetan, Errusiako Federazio (2008) barruan. Zirkasia bere lurraldetasunean eta despopulazio etnikoan zaharberritu behar da, 1763ko Errusiako gerra inbaditzailearen hasieraren uneko mugetan. Errusiar Federazioan bizi diren herrien artean, zirkasiarrak dira banatutakoenak daudenak baita diaspora handiena duena ere. Zirkasia nazio bat da mende bat baino gehiago iraun zuen Errusiako inperioaren hedapenari eta oldarrei aurre egin ziena, eta errusiarrak, gero sobietarrak, hura ahultzeko eta suntsitzeko dozena erdi baino gehiagotako taldetan banaturik (eta bizirik) jarraitzen duena. Zirkasiarrek gaur egungo baldintza zailetan garatzeko aukera izan dezaten, beren aberri historikoan bateratu behar dira amankomunezko esparru politiko, ekonomiko eta kulturala eratuz.

Ipar Kaukaso bi zatitan banatuta dago. Ekialdeko aldean Daghestan, Txetxenia eta Ingushetia kokatuak daude; oso erligioso eta tradizionalak dira eta beti horietan ionarriturik aurrera jotzen dute beren konfederazioa antolatzeko xedetan. Mendebaldeko zatia Zirkasia historikoa da, Errusiak 1763tik 1864rako bitarte horretan eta gerra anker baten bidez suntsitu zuena. Gaur egun, Zirkasiako gizartea multietnikoa da eta zirkasiar etnia gutxiengoa. Zirkasiarrak laikoagoak dira eta Mendebaldera begira daude. Guztiz egokia da berriz ere Zirkasia deitzea bertan bizi diren herri guztien etorkizuneko Estatu bateratuari. Kontutan izan behar da badaudela Zirkasia osoaren barruan beste herriak, zirkasiarrak ez direnak: hala nola karatxaitarrak eta balkariarrak jatorriz turkiarrak, herri bakar bat da, gaur egun zatikaturik dagoena, baina etorkizunari begira zaharberrituriko Zirkasia bateko mugen barruan bateratu ahal izango direnak. Gauza bera gertatuko da Terek, Kuban eta Don ibaien arroetako kosakoekin ere, batu eta herri independente bakar bat bihurtu ahal izango baitira. Talde horiek guztiek zirkasiarren eskubide berdinak izango dituzte eta ez dira gutxiengo mespretxatuak bezela hartuak izango.

Duela gutxi arte, bi faktore izan dira zirkasiar mugimendu abertzalea bultzatu eta baldintzatu dutenak: batetik, 2011an Georgiak errusiarrek eragindako zirkasiar genozidioaren aitortza; bestetik, 2014an Sochiko Neguko Olinpiar Jokoen ospakizunak. Baina Kremlinek beti izan du nahikoa botere zirkasiar mugimendu nazionala kontrolatzeko. Orain, aldiz, bi faktore berri tartekatzen dira.

1-Historikoki helduak eta zaharrak protagonista izan dira ziskasiar mugimendu nazionalean, eta gazteen eritziak ez zituzten kontutan hartzen. Orain, gazteek euren hizkuntza nazionala maizago erabiltzen dute helduek baino, eta bestalde, identitate islamiar batetik urruntzen ari dira  identite etniko batera trumilka pasatuz. Eta azken urte hauetan Zirkasian gertatu den gauzarik garrantzitsuena da gazteek nazio mugimendua aktibatu eta komandoa hartu dutela egiaztatzea.

2- Siriako gerrak eragin du Moskuk Sirian herbesteratuta bizi diren zirkasiarrak bere jaioterrira itzultzen ez uzten eta honek haserrea piztu du.

Mosku bi faktore berri hauei kotrolpean eutsi ezinik dabil, eta jokutik at gelditu da. Beraz, nahiz eta Moskuk bere saiakera ahaltsuenak erabili zirkasiar mugimendu nazionalaren egoera blokeatzeko eta kontrolatzeko, oraintsu ez da gai menpean izateko eta bere eginahalak antzuak gelditzen dira. Bestalde, faktore berri hauek garatzen ari dira, preseski Errusia osoan protestak hazten eta hedatzen ari diren garaian egoera ekonomikoaren larriagotzeagatik. Beraz, guzti hau agertoki egoki bat prestatzen ari da berriki piztu den nazio baten aurrean. Epe ertainera begira eta gauzak hórrela izanik, berriki iratzarri den zirkasiar nazioaren eta gero eta zapaltzaileago den Errusiako gobernuaren arteko talka larria gerta daiteke.

One thought on “Zirkasiaren arazo nazionala

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s