Azerbaijan Irandarraren auzia.

Irango Errepublika islamiarra talde etniko ugariz osatutako herrialdea da. Persiar etniako biztanleak populazioaren erdia inguru diren bitartean, gainerakoak jatorri ezberdineko hamar talde etnikoetako kideak dira (turkiarra, iraniarra eta semitikoa), oro har herrialdearen iparraldeko, ekialdeko eta mendebaldeko lurralde periferikoetan modu trinkoan bizi direnak. Azerbaijandarrak Irango gutxiengo etniko jendetsuena dira; horietatik 12 eta 22 milioi inguru Errepublika Islamiarraren barnean bizi dira, hau da, Irango populazio osoaren laurdena.

Azerbaijan irandarra Irango ipar-mendebaldean kokatuta dago; 127.039 km2-ko lurraldea hartzen du, Turkia, Armenia eta Irakekin muga egiten duena. Bestalde, bere natura bitxiagatik da ezaguna: 17 ibai isurtzen dira bere lurraldetik, eta bi laku daude: Urmia eta Akgol. Eskualdearen iparraldea, Urmia aintzira barne, alpetarra da, haran sakon eta lur baxu emankorrekin. Bere populazioa, 8,67 milioi pertsona inguru, gehienbat azerbaijandar etniakoa da, kurduak, persiarrak, talyshak, asiriarrak eta armeniarrak ere badaude. Ikuspegi erlijiosotik, herritar gehienak xiitak dira, nahiz eta gutxiengo sunita eta zoroastrista txiki batzuk dauden.

Hego Azerbaijango eskualde historikoak Irango Errepublika Islamiarreko probintzia hauek hartzen ditu: Mendebaldeko Azerbaijan (2.873.459 biztanle), Ekialdeko Azerbaijan (3.603.456), Ardabil (1.228.155), Zanjan (964.601). Hiri nagusiak Tabriz, Urmia, Ardabil, Mehabad, Maragha, Zanjan, Khoy eta Merend dira.

Aurrekari historikoak.

Historikoki, Irango azerbaijandarrak herrialdeko gutxiengo etnolinguistiko leialenatzat hartuak izan dira. Nagusiki xiitak direlarik, turkiar-azerbaijandarrek 1920ko hamarkadara arte dinastia ugari eman zizkieten persiar tronuei. Seljuktarrengandik Qajartarrengana, persiar inperioen abangoardian mantendu ziren, eta suniten arerio nagusia zen Otomandar Inperioaren erasoetatik babestu zituzten.

1-Gaur egungo turkiar, azerbaijandar eta turkomandarren arbasoak diren seljuktar oghuzen tribu nomadek, Asia erdialdeko lautada eta estepetatik Asia Txikiraino eskala handiko migrazioa hasi zuten. Mongoliar hegemoniaren salbuespenarekin, Persia historikoaren lurraldea, turkiar dinastia boteretsu hauek gobernatu zuten 1925 arte, Qajar dinastiako azken Shah-a, Reza Shah Pahlavik estatu kolpe batean kendu zuenean.

Mende horietan zehar, azeriera modernoaren gertuko zenbait turkiar dialekto gorteko eta armadako hizkuntza informala izan ziren; persiera, hizkuntza literarioa eta gortean formalki erabiltzen zena; arabiera, teologia eta zientziarena. Turkiar dinastiak eta Oghuz tribuetako kide hiritartuak belaunaldi gutxi batzuetan pertsiartu ziren, turkiar hizkuntzako landa eremuak bere nortasun etnolinguistikoa mantendu zuen bitartean. Ikuspegi erlijiosotik, XVI. mendearen hasieran, azerbaijandar eta persiar gehienek xiiten Islamaren fedea hartu zuten, persiar goi kulturarekin batera, hurrengo mendeetan Irango estatuaren oinarri bihurtuko dena. Eta erlijio identitate hau da, hain zuzen ere, egungo azerbaijandarren arbasoak, Otomandar Inperioko Anatolian bizi ziren turkiar sunitekin gatazkan jarri zituena.

2-XIX. mendearen amaieran, Azerbaijan bidegurutze estrategiko batean zegoen, Otomandar eta Errusiar Inperioen mugetatik gertu. Europan indartsu zebiltzan sozialismoaren eta nazionalismoaren ideologiak Iranera iritsi ziren, Azerbaijango intelektualek osatutako mugimendu moderno askoren abangoardiaren bidez, edo Bakuko petrolio industrian lan egiten zuten Azerbaijango irandar langileen bidez. Ideia horiek bultzatuta, Azerbaijango iparraldean eta hegoaldean nortasun azerbaijandarraren eraketa bi korronte ideologikoren arteko borroka gisa garatu zen hasieran: lehenak, kulturaren eta erlijioaren nagusitasuna azpimarratzen zuen, bigarrenak, aldiz, hizkuntzaren garrantzia.

XX. mendearen hasieran, beraz, eztabaida ideologiko honetako bi taldeak Araxes ibaiaren kontrako bi ertzetan kokatu ziren, bata bestearen aurrez aurre. Azerbaijango iparraldean, hizkuntzaren nagusitasunaren aldeko joera irabazi zuen, jada identitate pro-turkiarra argi eta garbi taxutu zuena; era berean, nabarmena zen erlijioak Azerbaijango nazionalismo laiko eta modernistan izan zuen gutxieneko papera. Azerbaijan hegoaldean, alderantziz, eliteek orientazio irandar argia ezarri zuten, eta haiek izan ziren, hain zuen ere, nazionalismo irandarraren ordezkari nagusiak eta nazio azerbaijandarraren jatorri irandarraren defendatzaile sutsuak.

3-1945-1946an, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, sobietar tropek Azerbaijan irandarra inbaditu eta Azerbaijango Herri Gobernua delakoa aldarrikatu zuten, egoitza Tabrizen zuena. Jafar Pishevarik zuzendutako erregimen komunista azerbaijandarra sobietar tropen menpe zegoen. Hasiera batean Irandik bereizteko asmorik ez bazuen ere, federalizatu nahi izan zuen, baina gero independentziarantz mugitzen ari zela adierazi zuten bere ekintzek. Gobernu berriak, sobietar legean oinarritutako sistema judizial berri bat sortu zuen, lurjabe aberatsentzat kaltegarria zen nekazaritza erreforma bat aldarrikatu zuen, eta, lehen aldiz, eskualdearen historian,  turkiera-azeriera hizkuntza ofizialtzat hartua izan zen. Baina Estatu Batuen presio gero eta handiagoak errusiarrak Irango iparraldetik erretiratzera behartu zituen, Irango armadaren berrokupazioa eta bertako azerbaijandarren laguntzaileei zuzendutako errepresioaren hasiera eragin zituena.

Ekitaldi hau ez da Teheranen ahaztu. Ipar-mendebaldeko independentismoa amesgaizto bat izan zen Pahlavi dinastiako errege irandarrentzat. Azerbaijanen kokapen estrategikoa, bere populazioak Turkiarekin eta Kaukasoko Azerbaijanekin dituen lotura etnolinguistikoak, eta azerbaijandar populazio etnikoaren tamaina handia, herrialdearen lurralde-osotasunerako erronka handia ziren. Hasieratik, Pahlavi dinastiak ahalegin handiak egin zituen estatu zentralizatu bat eraikitzeko, funtsezko eskualde honetan arreta handia jarriz.

Azerbaijango Herri Gobernua eta Mahabadeko Errepublika Kurdua 1945-1946an

4-Nazionalismo irandarra. Irango elite modernistek islamiar xiita arabiarrek “inportatutako” eta herrialdeari inposatutako elementu arrotz gisa tratatu zuten, eta, aldiz, akemenidar, sasanidar eta partiarren antzinako persiar inperioen islamiar-aurreko tradizioekin identifikatu ziren. Persiarrak Estatuaren nazionalitate hezitzailetzat hartuak izan ziren, eta erregimenak bere gutxiengo etnikoak bereganatzeko politika bat ezarri zuen. Hezkuntza, komunikabideak eta liburuak persieraz bestelako hizkuntzetan argitaratzea debekatuta zeuden. Azerbaijandarrak gutxiengo etniko ugariena zirenez, arreta eta jarraipen berezia jaso zuten, eta, euren asimilazioa lortzeko, eskoletan persierazko derrigorrezko hezkuntza ezarri zen. Bestalde, turkiera-azeriera desagerraraztea eskatu zen, “mongoliar inbaditzaileek” herriari ezarri ziotela, eta eskualdea, Zoroastroren sorlekua eta Irango arioen sehaska izan zirela esanez.

Shah-en politika ekonomikoak eraikuntzaren industrian eta zerbitzuen azpiegituren sorkuntzan oinarritu ziren, nola ez, persiarrak nagusi ziren herrialdeko erdiguneetan; periferia etnikoa, aldiz, nahita ez zen zaindu eta azpigaratuta geratu zen. Ondorioz, Irango erdialdeko bizi-maila periferiakoa baino askozaz altuagoa bihurtu zen. Politika ekonomiko horiek eragina izan zuten migrazioan eta ondorengo gutxiengoen asimilazioan, bereziki azerbaijandarren kasuan, 1960 eta 1970eko hamarkadetan.

5-Errepublika islamiarra. Errepublika Islamiarraren ezarpenak Iranen federalizazioaren itxaropenak berpiztu zituen. Azerbaijango zenbait hiritan, bereziki Tabrizen, federalizazioaren aldeko adierazpenak ikusi ziren, baita Mohammad Kazem Shariatmadari bertako elizgizon azerbaijandarraren alde egindakoenekin bat etorri ere. Aiatola liberal honek errefusatu egin zuen Jomeiniren “klerikoen gobernua” (islamarekin bateraezina zelako), baita Teherango enbaxada estatubatuarraren okupazioa gaitzetsi ere. Shariatmadari etxean atxilotua izan zen eta unitate militar irandarrak berriro agertu ziren Tabriz-go kale eta plazetan. Shariatmadariren uko egiteak eta manifestariei etxera joateko deitzeak bakarrik eragotzi zuen odol isuria. Shariatmadariren alde eta Jomeiniren aurka zeuden manifestariek sarritan eskatzen zuten Irango Azerbaijanen autonomia.

Azerbaijandar askok, hasiera batean, Iraultza Islamiarra Pahlavi dinastiako persiar txobinismoaren nagusitasunetik askapen bat bezala hartu zuten, eta ondorioz babestu egin zuten, beraiek, musulman xiita bezala, persiarrekin batera lehen mailako hiritarrak izango ziren estatu bat ezartzen laguntzen ari zirelakoan. Baina hori, zoritxarrez, ez zen gertatu. Kleroak gobernatutako Iranek, Pahlavi dinastiako gutxiengoei buruzko politiketako asko mantendu zituen, noizbehinka, bihozberatasun eta askatasun handiagoko aldiak izan arren. Horren ondorioz sortutako etsipena faktore garrantzitsua izan da Irango azerbaijandarrek beren identitate eta leialtasun kontuak berraztertzeko izan duten joeran.

Shariatmadari eta Khomeini

Azerbaijango Errepublika independentearen eragina.

Argi dago Irango ipar-mendebaldeko probintzietan gero eta identifikazio handiagoa garatu zela 1991n independentzia lortu zuten Kaukasiako azerbaijandarrekin. Baina Irango azerbaijandarrek Azerbaijan postsobietarrarekiko duten jarrera hori ezin da erabat positibotzat jo. Jarrera horiek aztertzeko, kontuan hartu behar da Azerbaijan 1828an (Turkmenchay ituna) Errusia eta Persiaren artean banatu izanak Ipar Azerbaijango biztanleriaren errusiartze nabarmena ekarri zuela, eta, ondoren, erregimen sobietarraren pean, sekularizazio bizia izan zuela. Hegoaldean, aitzitik, Irango azerbaijandarrek bizitza patriarkal tradizionalaren elementu asko gorde dituzte, Islama bereziki. Beraz, nazioaren banaketak kultura eta nortasun ezberdinak sortzea eragin zuen, eta, alderdi askotan, elkarren kontrakoak: alde batetik, Iparraldean sekularismoa eta errusiartzea ezarri ziren, baita Errusiaren eta Armeniaren aurkako nazionalismoa ere; bestetik, Hegoaldean kontserbadorismo erlijiosoa eta persiartzea nagusitu ziren, persiarrek menderatutako eta zentralizatutako Iranen aurkako nazionalismoa dagoela ahaztu gabe.

Bi taldeek beren burua definitzeko dituzten moduen arteko aldeak direla eta, hainbat aurreiritzi eta estereotipo mantentzen dituzte azerbaijandar populazioaren zati bakoitzak bestearekiko. Horrela, iparraldekoek mespretxuz deskribatzen dituzte irandar azerbaijandarrak fanatiko erlijioso eta erreakzionariotzat; hegoaldekoek, berriz, iparraldekoak erlijiogabetzat, alkoholikotzat eta atzerritartzat (nortasuna galduta) jotzen dituzte. Jakina, hainbat belaunalditan banantzeak eta korronte politiko eta kultural guztiz desberdinen efektuek kontraesanak sortu dituzte, epe labur eta ertainera gainditzeko zailak direnak. Ez da harritzekoa, beraz, nolabaiteko desilusioa sortu izana 1990eko hamarkadaren hasieran izandako euforiaren ondoren, Araxes ibaiaren muga 50 urtetan lehen aldiz laxatu zenean eta iparraldeko eta hegoaldeko azerbaijandarrak elkar bisitatu ahal izan zirenean. Orduan, Araxes ibaiaren bi ertzetako azerbaijandarrak konturatu ziren zenbat kultura-desberdintasun bereizten zituzten elkarrengandik.

Irango azerbaijandarrak erlijio eta nazionalismoaren arteko mugapen lerro batean banatuta daude. Erlijio-pentsamoldearen kontserbadoreak, batez ere adineko belaunaldietakoak, beren sinesmen-kideekin identifikatzen dira nagusiki. Xiiten Islama Irango estatu baten ideiarekin parekatzen dute, eta nazionalismo azerbaijandarraren aldeko jarrera eszeptikoa (baita kontrakoa ere) hartzen dute. Oro har, Anatoliako turkiarrak sunitatzat eta Kaukaso azerbaijandarrak errusiartzat jotzean, iritzi negatiboa dute haiekiko.

Pertsona horien inguruan, ohikoa da pentsatzea Azerbaijango Errepublika Iranekin edo Irango Azerbaijanekin elkartu beharko litzatekeela, “denok xiitak gara” eta Kaukasoko Azerbaijan historikoki Persiarena izan dela dioen nozioan oinarrituta. Talde honen artean, iritzi pan-xiitak oso hedatuak daude, lurralde xiita finkatu baten sorreraren ikuspegiekin (“ilargierdi xiita” deritzonaren antzekoa), Afganistan eta Irakeko zati xiita hartzen duena, Libano, Siria eta, batez ere, Azerbaijan eta Iranekin batera.

Ilargierdi xiita

Irango azerbaijandar komunitate hezi eta erabat integratuaren beste segmentu batek, bere burua, nazio irandarraren zati oso bat ez ezik, pertsiarrarena ere jotzen du. Teherango intelektual, industrial eta hezitzaile azerbaijandarren inguruan bereziki gailentzen den pentsamendu ildo honek, azerbaijandarrak hizkuntza aldetik turkifikatuak diren persiarrak direla dio, euren “geneetan” jatorrizko pertsiarra mantendu dutenak, euren itxurarik arinenean eta europarrenean nabarmentzen dena.

Pentsaera sekularra duten gazte azerbaijandarren artean, erlijio xiitak gero eta garrantzi txikiagoa du, eta beren jatorri turkiarra baieztatzera eta nazionalismo turkiar-azerbaijandarra lantzera jotzen dute. Ideologia horrek Azerbaijango Errepublikarekin eta Turkiarekin bat egitera bultzatzen ditu. Gainera, azken hogei urteetan bi herrialdeetako azerbaijandarren arteko harremanak areagotu egin dira. Sobietar Batasunaren kolapsoa eta Errepublika Islamikoaren deserradikalizazioaren ondoren, gero eta langile, turista eta merkatari gehiagok, muga bi norabideetan zeharkatzen du. Irango azerbaijandar askok Baku eta Astara (mugako hiria) bidaiatzen dute entretenitzeko, alkohola edateko, gaueko klubetara eta dibertitzeko lekuetara joateko. “Txango” horien eskuragarritasunak esan nahi du herrialde desberdinetako bi biztanle-talde horiek gero eta maiztasun handiagoarekin jartzen direla harremanetan. Bestalde, aldi baterako migrazioa dago Azerbaijango iparraldetik Iranera, lan edo osasun arrazoiengatik; horri dagokionez, aipatzekoa da Bakun eta Azerbaijango beste hiri batzuetan arreta medikoaren kostu handia dela eta, askok Tabriz edo Ardabil ospitaleetara bidaiatzen dutela (osasun-turismoa).

Azken urteotan, Irango komunitate nazionalista azerbaijandarra erreferentziazko bi poloen (Turkia-Azerbaijan) lehentasunean aldaketa nabarmen baten lekuko izan da. Eta egiazta daiteke erakargarritasun handiagoa dagoela Turkiarekiko, Azerbaijanekiko baino. Lehen begiratuan paradoxikoa dirudien arren, egungo Azerbaijango Errepublika herrialde txiki, ustel eta ahul gisa hautematearen emaitza da. Irango azerbaijandarrak gehiago identifikatzen dira Turkiarekin, Azerbaijango Errepublika baino askeago eta boteretsuago dela uste baitute. Horrela, bada, Turkiak eskualde-ekonomian eta -politikan duen eginkizuna indartzeak joera pan-turkiarrak berpiztea ekarri du, Irango nazionalismo azerbaijandarraren finkapen irmoaren kaltetan.

Irango azerbaijandarren nortasun turkiarrak indarra hartu du pixkanaka 1990eko hamarkadaren erdialdetik. Iraganean ez bezala, nortasun turkiarra azpimarratzea ez da zigortzeko moduko delitua, eta gizartean ez da onartezina turkieraz-azerieraz jendaurrean hitz egitea. Hori oso nabarmena da kirolaren munduan: Azerbaijandarrek Tabriz hirian, bai kafe publikoetan bai etxeetan, Turkiako futbol talde bat edo munduko txapelketetan parte hartzen duten atleta turkiarrak animatzen dituzte. Turkiarrei, sarri, “gureak” (bizimki) deitzen zaie. Bestalde, azerbaijandar askok, batez ere Tabrizkoek, Turkia ondo bizi den ametsezko lur gisa ez ezik, Europara iristeko tranpolin gisa ere ikusten dute. Han badago nazionalismo turkiar oso indartsu bat eta bere kontzientzia etnolinguistikoa indartzen duen elkartasun kontzientzia turkiarra. Turkiarren eta azerbaijandarren satelite bidezko transmisioak jasotzea ere oso garrantzitsua da Irango azerbaijandarren emantzipazioaren testuinguruan. Iranen antena parabolikoen erabilera formalki debekatuta dagoen arren, 1990eko hamarkadan Irango ipar-mendebaldean ohikoa egin zen telebista kate turkiarrak ikustea, hertsiki zentsuratutako telebista irandarra baino askoz interesgarriagoak diren programen aukeraketa zabalago bat eskaintzen baidituzte.

Azkenik, kontuan hartu behar da Iranen nazionalismoaren loraldi berriaren arrazoi garrantzitsuenetako bat izan dela biztanleriak estatu teokratikoarekiko eta erlijioarekiko duen identifikazioa desmarkatzea. Gazte irandar asko ez daude pozik klerikoen gobernuaren neurri murriztaileekin. Irango gizarte osoan, bereziki hiriguneetan, desilusio orokorra dago gobernuaren forma teokratikoagatik, eta, ondorioz, areagotu egiten da haren adierazpen fundamentalistekiko erresistentzia. Gobernuarekiko eta erlijioarekiko identifikazioa ahultzeak ideologia alternatibo bat bilatzera eramaten du, askoren ustez nazionalismo etnikoaren berpiztea esan nahi duena. Persiarren artean, honek, persiar nazionalismoaren gorakada bat dakar, Persiako iragan loriatsuko inperioen islamiar aurreko tradizioetara jotzen duena. Garapen hau persiarren iragan aurreislamikoa goraipatzen duten gero eta film eta literatura gehiagoren ekoizpenean islatzen da. Horrek lur emankorra sortzen du nacionalismo turkiarrak (azerbaijandarra) eta iraniarrak (persiarra) gatazkan sar daitezen.

Nazionalismo azerbaijandarra Iranen.

A-Mugimendu politikoak.

“Hego Azerbaijango Iratzartze Nazionalaren Mugimendua” (GAMOH- Güney Azərbaycan Milli Oyanış Hərəkatı) da talde independentista ezagunena. Bakun ezarri zen 1995ean, eta bertako kide eta jarraitzaileek, orokorrean Irandik kanpo bizi direnek, dela Azerbaijango Errepublikan, dela Turkian eta Europan sakabanatuta dauden diasporako komunitateen barruan, Araxes ibaiaren bi aldeetan bizi diren azerbaijandarrak bateratzea eskatzen dute. Mahmudali Chehregani, mugimendu honen buruzagia, 1996an aukeratu zuten Irango Majlis (Legebiltzarra) kide, eta handik gutxira atxilotu zuten. 1999an berriro atxilotu eta espetxeratu zuten. Chehregani espetxetik askatu eta erbesteratu egin zen. Ordutik, Chehreganik herrialde federalaren alde egin du azken urteotan, non azeriek beren bandera eta parlamentua izan dezaketen, autonomia kulturala, administratiboa eta are fiskala ere. 2000ko hamarkadaren erdialdetik, Chehreganik Irango gutxiengo etnikoen eskubide kulturalekin kezkatuta dagoen erregimenaren aurkako borrokalari gisa aurkeztu nahi izan du bere burua, mugimendu independentista baten lider gisa baino gehiago.

Hala ere, Chehreganiren eta GAMOHren iritzi eta orientazio politikoak ez dira oso argiak. Hainbat manifestazio publikotan, Chehreganik esplizituki hitz egin zuen XIX. mendean herri azerbaijandarra banandu zuten “persiar etsaiez”. Honetaz gain, Irango azerbaijandarren artean “independentziaren aldeko babes zabala” zegoela eta “legez kanpoko teokrazia” hiru bost urteren buruan kolapsatuko zela ere gaineratu zuen. Era berean, gehiengo populazio azerbaijandarra ez duten Irango Azerbaijango probintziez (Qazvin, Hamadan, Teheran, Arak eta Kordestan eta Gilan) hitz egin zuen, Azerbaijan historikoaren zati gisa. Gainera, GAMOH webguneak eskaintzen ditu bere liderraren irudiak panturkisten agurra erakutsiz, eta persiarrak txobinista gisa aipatuz. Laburbilduz, Chehregani saiatu da Irango Azerbaijanen sezesioari buruzko esplizitua izatea saihesten, eta haren erretorika anbiguotzat jo dute askok.

Mahmudali Chehregani 

Anbiguotasun horren arrazoiak funtsezko bi arrazoirengatik dira. Alde batetik, 2002an Teheranek Bakuri presio egin zion, non Chehregani Iran utzi ondoren finkatu zen; gero, Chehregani Estatu Batuetara erbesteratua izan zen. Hala ere, alderdiak Bakun du oraindik egoitza formala. Teheranek Irango Azerbaijanen inguruan Bakuk izan zuen jarrera eta agintari azerbaijandarrek Iran haserrarazteko erakutsi zuten mesfidantza ikusita, GAMOH-k ez zuen agintari azerbaijandarren babesa jaso, Bakuko apartamentu batean presentzia sinbolikoa izatearen tolerantzia izan ezik. Bestalde, erakundea buruzagi formal eta urrun batera eta hainbat aktibistara mugatuta dagoela kontuan hartuta, Chehreganik Irango Azerbaijanen duen eragina oso txikia bihurtu da.

GAMOH taldeaz gain, badira beste talde independentista batzuk 1990eko hamarkadatik: Hego Azerbaijango Askapen Nazionalerako Mugimendua, Hego Azerbaijango Berpizkunde Erakunde Nazionala, Hego Azerbaijango Askapen Nazionalerako Frontea, Hego Azerbaijango Independentzia Alderdia, eta beste batzuk. Nolanahi ere, GAMOH eta talde lehiakideek ezin izan dute mugimendu azerbaijandar klandestinorik sortu Iranen, modu eraginkorrean antolatzeko, kide asko biltzeko eta edozein jarduera egiteko gai denik. Irango Azerbaijango hiririk handienetan GAMOH oso ezaguna bada ere, landa-eremuetako jendeak ez daki askorik mugimendu horri buruz. GAMOHk, halaber, bere ospearen zati handi bat kurduen gutxiengo (batez ere, Mendebaldeko Azerbaijan probintzian bizi dira)-arekiko jarrera gogorrean oinarritu du. Izan ere, nazionalismo azerbaijandarra, askotan, ez da soilik persiarren aurka zuzentzen, baita, eta, batzuetan, nagusiki, primitibotzat, oldarkortzat eta barbarotzat hartuak izaten diren kurduen aurka ere. Iraganean, GAMOHk behin baino gehiagotan adierazi zuen, arazoak saihesteko, kurduen jaiotza-tasa mugatu beharko litzatekeela, euren immigrazioa murriztu edo baita azerbaijandar lurraldetik kanporatu ere, modu horretan, etnikoki homogeneoa den Azerbaijan batek menderatutako lurralde bat sortzeko.

Nolanahi ere, Irango azerbaijandar gehienek ez dute uste talde horiek benetako irtenbidea beren arazoei emango dietenik, ezta autonomia, independentzia edo Azerbaijango Errepublikarekin edo Turkiarekin bat egiteko duten nahiari ere. Beraz, GAMOH, eta are gutxiago beste talde lehiakide batzuk, ez dira gai Iranen dauden azerbaijandarrengana iristeko. Belaunaldi gazteeneko kideek beren iritzi politikoen artikulazioa bilatzen dute ikasleen erakundeen, manifestazioen edo futbolaren azpikulturaren bidez.

B-Ingurumen aldarrikapenak. Urmia aintzira.

Urmia aintzira Irango Mendebaldeko eta Ekialdeko Azerbaijan probintzien arteko mugan dagoen laku gazi bat da. Inguruko nekazaritzaren areagotzeak, aintzira elikatzen duten ibaietako ur kontsumo gero eta handiagoak eta ibai horietan hogeita hamar presa baino gehiago eraikitzeak, lakuaren tamaina pixkanaka txikitzea eragiten dute, eta erabat lehortuko den beldurra dago. Oso gazia den laku honen lehorketa, bertako landare eta animalia espezieentzako ingurumen hondamendia ez ezik, inguruko eremuarentzako mehatxua ere eragiten ari da. Eskualde honetako haize indartsuek gatza kilometro askotara dauden lekuetara eramaten dute, bertako flora eta fauna suntsituz, baita gizakientzako osasun arazoak eraginez ere. Kalkuluen arabera, lakuaren % 60 baino gehiago lehortu egin da, eta inguruetako pertsona asko hirira joan dira, osasun-arazoak edo laborantza-arazoak direla eta. Gatz ekaitzen eta bestelako arazoen ondorioz, inguruko berrogeita hamar bat herrixka erabat abandonatuta geratu dira. Hau eskualde osoari eragingo dioten arazoen hasiera baino ez da izan, 6,5 milioi pertsonako biztanleriarekin suntsituta eta eskala handiko emigrazioaren baldintzapean gera baitaiteke.

2010-2012 urteaz geroztik, hasiera batean protestak eta manifestazioak izan ziren, arazo ekologiko larri horri arreta emateko, bestelako eduki politikorik gabe. Urmia lakuari buruzko manifestaziorik ikusgarrienak 2011. urtearen erdialdean izan ziren, manifestarien eta istiluen aurkako polizien arteko liskar handiak izan zirenean, ez soilik Tabriz eta Urmia bezalako hiri handiagoetan, baita lakuaren beraren ertzean ere. Jatorriz ekologikoak ziren protestek, gero eta ezaugarri nazionalista argiagoak hartzen hasi ziren, erregimenaren erantzun ezaren ondorioz, eta, arazoa, geroz eta gehiago interpretatzen ari da, azerbaijandar aintzira natural batek existitzeari utziko ziola persiarren nahita ez egitearen ondorioz. Gaur egun, Urmia aintzira nazionalismo azerbaijandarraren adierazpenik esanguratsuenetako bat bihurtu da, eta ziur da Azerbaijan eta Persiaren arteko harremanetan gai garrantzitsua izaten jarraituko duela urte askoan.

C-Aldarrikapen kulturalak.

1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Irango ipar-mendebaldeko azerbaijandarren emantzipazio-prozesuak gora egin du. 1996tik, manifestazio handiak izan dira Tabriz, Urmia eta beste hiri batzuetan, gehienak azerbaijandarrak, Irango ipar-mendebaldean, bizpahiru urtean behin gutxi gorabehera. Manifestarien eskaera nagusia da azerbaijandar hizkuntzan (azerieraz) hezkuntza ezartzea, azerbaijandarren hizkuntza-autonomia aitortzea, eta kultura- eta administrazio-autonomia aitortzea. 1990eko hamarkadaren erdialdean nazionalismo azerbaijandarraren gorakada segurtasunerako arrisku larritzat jo zuen Irango gobernuak, eta errepresio organo estatalak berehala hasi ziren mehatxuari aurre egiten, epaiketa-ikuskizunen bidez. Herri azerbaijandarraren kultur eskubideen defentsan konprometitutako pertsonak epaituak izan ziren, turkiar espioitzat hartuz.

D-Futbol-nazionalismoa.

Azerbaijandarrek de facto edozein emantzipazio-jarduera debekatzen dutela ikusita, futbolaren edo kirolaren nazionalismoak bere gain hartu du bere emantzipazio-mugimenduaren bandera-ontziaren papera. Fenomeno hau Tabriz hiriko Tractor Sazi futbol talde nagusiak antzezten du. Futbol talde hau, 1970ean sortutako Tabriz hiriko traktore lantegi batean, Irango futbol liga nagusian lehiatzen da, eta nazioarteko jarraipena duen Irango futbol talderik garrantzitsuenetako bat da, Asiako ligan parte hartzen duelako. Tractor Saziren edozein partidatan 60.000 zale baino gehiagoren asistentzia egonkorra izaten da, eta taldeak azerbaijandarrak ez diren estadioak ere bete ohi ditu, Teherango Azadi estadioan adibidez, 90.000 lagunentzako tokia duena.

Tractor Saziren babes maila handiaren arrazoia, persiarrak ez diren taldeek eta bere zaleek (kasu honetan, azerbaijandarrek) Irango futbol liga politizatu izana da, euren jaioterrian telebista transmisioa eta instrukzioa azerieraz ezartzeko eskariak aldarrikatzen baitituzte, eta, aldi berean, pan-turkiar kontsignak eta ikurrak oihukatu eta erabiltzen dituzte. Sinbolismo pan-turkiarrak, otso buruaren eskuarekin egindako keinu ezaguna ere barne hartzen du, turkiar talde nazionalista erradikalek hamarkada askotan erabili izan dutena. Keinu hau nonahikoa da Tabrizeko futbol estadioetan eta Irango Azerbaijanetik kanpo. Lelo ohikoenen artean daude “Behera faxismo persiarra”, “Gora Azerbaijan askea”, “Harro gaude turkiarrak izateaz”. Nazioarteko partidetan pankarta bat zabaltzen dute ingelesez: “Hego Azerbaijan ez da Iran”. Dirudienez, Bartzelona Futbol Klubeko zaleen antzeko kanpaina batean oinarrituta daude pankartak, “Katalunia ez da Espainia” leloa duen pankarta bat zabaltzen dutelarik. Traktoreko futbolzaleen ustez, Bartzelona talde laguna da, kataluniarren asmoak eta azerbaijandarrenak antzekoak baitira.

Hego Azerbaijango Eskubide Zibilen Mugimenduak “Katalunia ez da Espainia” uste du eta ideia horretan inspiratzen da bere aldarrikapenak egiteko

Futbol estadioetan persiarren eta azerbaijandarren arteko etsaitasun etnikoak liskar bortitzak eragin ditzake, eta polizia, oro har, persiarren alde jartzen da. Bereziki Azadi estadioan, non Teherango bi futbol talde nagusiek (Esteghlal eta Persepolis) euren partidak etxean jokatzen dituzten, berriki, persiar etnikoek euren arerio azerbaijandarrak probokatzen dituzten kasuak izan dira, partiduetara armeniar banderak eramanez. Ondoren bandera horiek astintzen dituzte Karabakh Garaiaren aldeko gerrari erreferentzia eginez. Azerbaijan Iranen zati integrala dela dioten pankartak ere zabaltzen dituzte.

Estatuko segurtasun-indarrek sistematikoki erreprimitzen dute futbolaren bandalismoa, batez ere erregimenaren aurkako adierazpenekin edo adierazpen nazionalistekin lotuta badago. Hau, bereziki, persiarrak ez diren taldeek parte hartzen duten futbol partidetan aplikatzen da, bereziki Tabrizeko Traktor taldearen partidetan. Bestela esanda, kontua ez da futbolean orokorrean gertatzen den indarkeria, baizik eta nazionalismo azerbaijandarraren adierazpenak eta pertsiarren aurkako sentimendu sakoneko oihuak.

E-Siriako gerraren eragina.

Siriako Gerra Zibila Irango nazionalisten asmoen beste gai bat ere bada, futbol partidetan islatu eta ikus daitekeena. Tabriz Traktoreak jokatzen dituen hainbat partidatan, azerbaijandarren protestak izan dira, Iranek Sirian duen konpromiso faltagatik kexu, herrialde horretako turkiarren interesen aurkako zeharkako gerra bat dela uste baitute. Futbolzale azerbaijandarrek turkiarren aldeko oihuak egiten dituzte, baita Bashar al-Assad Siriako presidentearen irudiak erretzen ere. Beraz, futbolzaleen iritziz, Iran gatazka armatu batean turkiarren etsai bat babesten ari da beste behin. Nolanahi ere, gai honek nazionalismo azerbaijandarraren indartzea islatzen du eta, aldi berean, Siriako lurraldean Iran eta Turkiaren arteko botere gerra batek, Irango Azerbaijanen joera sezesionisten igoera ekar lezakeela adierazten du.

Hala ere, nahiz eta proturkiar sinpatien muturreko adierazpen horiek izan, badirudi Siriako gerrak Irango populazio azerbaijandarraren eta turkiarraren arteko oztopo ideologikoak sakondu eta zabaldu dituela. Izan ere, Iranen muturreko nazionalisten gutxiengo batek bakarrik babesten ditu Turkiak Ekialde Hurbilean egiten dituen ahaleginak, pentsaera sekularra duten azerbaijandar irandar gehienak Siriako Gerra Zibilaren dimentsio erlijiosoekiko axolagabe samarrak izan dira. Baina modu sekularizatu honetan pentsatzen duen biztanleriaren segmentu hau hiriguneetan bizi da. Landa eremuetako eta hiri txikiagoetako biztanle gehienek nortasun xiita nahiko indartsua dute, Assaden erregimena anaia xiitatzat hartzen duena, eta Turkia etsai sunitatzat. Egoera larriagotu egin da ehunka gazte irandarren artean; izan ere, Sirian boluntarioak eskaintzen ari dira Irango indar erdiofizialen barruan, eta horietako dozenaka borrokan hil dira. Oro har, esan daiteke Siriako gerra zibilak geldiarazi egin duela nazionalismo etnikoaren aurrerabidea Irango gehiengo azerbaijandarren eremuetan, eta, era berean, sakondu egin dituela Irango azerbaijandar nazionalista sekularren eta erlijio mentalitateko kontserbadoreen arteko banaketak.

Amaiera gisa.

XX. mendean nazionalismoak izan zuen gorakadak apurka-apurka hautsi zuen Irango azerbaijandarren irudia komunitate leial gisa. Joan den mendeko lehen hamarkadetan Iranen jaiotako intelektual azerbaijandar talde txiki batek bere nortasun etnolinguistikoa beste bat zela berraurkitu zuen, persiarraz guztiz bestelakoa, Kaukaso eta Anatolia herriak anaiatzat hartuz. Honek kezka nabarmenak sortu zituen Teheranen. 1945ean, alarmak areagu egin ziren Moskuk zuzendutako Azerbaijango Herri Errepublika Irango probintzia azerbaijandarretan ezarri zenean.

Gertaera txar hori gaindituta, aurreko urteetan ezarritako asimilazio-politikak areagotu egin ziren Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan. Irango azerbaijandar ugari izan ziren nazionalismo persiarraren ikuspegian asimilatuta geratu zirenak, hiru faktore nagusiren ondorioz: (1) milioika azerbaijandarrek Teheranera eta herrialdeko beste industria eremu batzuetara egindako barne immigrazioa, (2) euren ama hizkuntzan (azerieraz) hezkuntza falta izatea, eta (3) Iranen turkofonoa den azerbaijandar bat izatearen ondoriozko estigmatizazioa.

1979ko Iraultza Islamiarrak nazionalismo persiarraren arintze bat eragin zuen, erlijioak (xiiten Islama) Errepublika berriaren oinarri ideologiko bezala ordezkatu zuen bitartean. Hala ere, egoera pixkanaka aldatu zen 1980 eta 1990eko hamarkadetan, eta nazionalismo persiarrak eta asimilazio-politikek leku garrantzitsua hartu zuten berriro estatu-politiketan.

Alde batetik, Sobietar Batasunaren desegiteak, Araxes ibaitik iparraldera Azerbaijan independente bat ezartzera eta Karabakh Garaiko armeniar-azerbaijandar gerra lehertzera eraman zuen. Gerraren ondorioz, Irango azerbaijandarrek euren “iparraldeko anaiak” berraurkitu zituzten, hainbat hamarkadatan elkarrengandik isolatuta egon ondoren. Bestalde, Turkiaren hazkunde ekonomiko eta politikoaren ondorioz, irandar azerbaijandar askok sustrai etnolinguistiko eta kulturalak berraurkitu zituzten eta turkiar herentzia harrotasun iturri gisa hartu zuten.

Bestalde, ez da alde batera utzi behar Irango Azerbaijan eraldatzen ari den nazioarteko dimentsio garrantzitsua. Bi estatu daude, Azerbaijan eta Turkia, euren populazio nagusia etnolinguistikoki eta kulturalki Irango azerbaijandarrengandik oso gertu daudenak. 1991n Azerbaijan independentea ezarri zenetik, irandar azerbaijandar askok, bereziki pentsaera sekular eta nazionalistakoek, Azerbaijango Errepublikaren aldeko jarrera sutsuak dituzte. Baina ez da ahaztu behar XIX. mendearen lehen erdian (Turkmenchay Ituna) iparraldean (errusiarren eremua) eta hegoaldean (persiarren eremua) bizi ziren azerbaijandar populazio lurraldeen banaketak kultura ezberdinen eraketa (alderdi askotan, elkarren kontrakoa) eragin zuela. Beraz, sekularizazioak, rusifikazioak eta nazionalismo etniko indartsuak Kaukasoko Azerbaijan itxuratu duten bitartean, erlijio nortasun indartsua, kontserbadorismo soziala eta kultur pertsifikazioa nagusi izan dira Irango Azerbaijanen.

Datozen urteetan, independentismo azerbaijandarraren indartze posiblea mehatxu handiagoa izango da Irango lurralde osotasunerako, azerbaijandarrak herrialdeko gutxiengo etnikorik handiena baitira. Azerbaijandar gutxiengoko kide askok lidergo papera betetzen dute Irango gizartean eta eragin handia dute estatu eta segurtasun aparatuan. Nolanahi ere, bere historiako uneren batean, etnia anitzeko Estatu orori iristen zaio bere lurralde-osotasunaren aurkako barne-mehatxu bati aurre egiteko unea. Inoiz zalantzan jarriko balitz azerbaijandarrek Irango Estatuarekiko duten leialtasuna, horrek Iranen barne segurtasuna ahulduko luke baita eragin handia eskualdean izango ere. Irango azerbaijandarrak Teheranen aurka matxinatuko balira, litekeena da ez izatea kanpoko esku-hartzeengatik, gutxiengo etniko baten oinarrizko eskaerak asetzeko prest ez dauden Irango agintarien politika traketsengatik baizik.

One thought on “Azerbaijan Irandarraren auzia.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s